Datuen hazkunde etengabeak eragindako kezka betean egingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izurria kontrolatzeko neurriak hartzen dituen EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen bilera. Asteon bertan gutun bat bidali dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, neurriak eskatzeko: maskara aire zabalean ere erabiltzea derrigorra izatea zehazteko eskatu dio, eta «segurtasun juridikoa» eskatu dio gauetan jende pilaketak eragozteko neurriak hartzeko. Lehengo astean bertan, asmo horrexekin dekretu bat plazaratu zuen Jaurlaritzak: debekatu egin zuen gauean kalean bizikide ez direnekin egotea.
Atzo bertan mugarri bat izan zen Osakidetzan, inoiz baino kasu positibo gehiagoren berri eman baitzuten: 1.583 izan ziren, izurria hasi denetik izan den kopururik handiena. Batez ere gazteen artean ari da hedatzen orain gaitza, eta ospitaleetan egoera ez da okertu aurreko olatuetan bezainbeste; diferentea da orain egoera, baina ari da erietxeetan ere egoera igartzen, eta lehen mailako osasun arretan ere lan zama asko handitu da.
Biziberri IV plana hartuko dute oinarri neurriak hartzeko. Intzidentzia tasa eta erietxeetako egoera: bi aldagaiak hartzen ditu aintzakotzat plan horrek neurriak erabakitzeko. Jarduera sozialetarako ordutegiak murriztea edo jende taldekatzeak mugatzea ekar dezake.