Adrian Garcia
Gernikako bonbardaketa gertatu zenean, Lekeition zen Mikel Laboa, oraindik hiru bete ez zituela. Bizkaiko herriaren txikizioak artistarengan eragindako oroitzapen eta sentimenduek Gernika pieza sortzera bultzatu zuten. 1972an abestu zuen jendaurrean, lehen aldiz; Gernikan, hain zuzen ere.
Pieza berezia zen hura Laboarentzat. Mari Sol Bastida Laboaren alargunak pieza horren bi bertsioak ezkondu ditu, bonbardaketaren urteurrena dela eta. Iñaki Salvador Laboaren musikari taldeko kidea izandakoaren laguntza eduki du bi bertsioen zatiak harilkatu eta lotzeko.
Gaur bi bertsioen arteko elkarrizketa kaleratuko dute Elkarrek eta BERRIAk. Bi euro gehiago ordainduta, gaurko egunkariarekin batera eskuratu ahal izango dute irakurleek 14 minutuko pieza berria. Harpidedunek eta BERRIAlagunek nahikoa izango dute (0034) 943-30 43 45 telefonora deitzea kodea eskura dutela, [email protected] helbidera idaztea edo Berriaren webgunean eskaera egitea.
Bi bertsioak solasean
Bi bertsioak desberdinak izateaz gain, denboran ere aldenduak dira. Lehena 1974an grabatu zuen Laboak, soilik ahotsa eta gitarra baliatuz. Bigarrena bertsio sinfonikoa da, berriagoa. 1999an grabatu zuten, zuzenean, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin eta Donostiako Orfeoiarekin. Carlos Puig arduratu zen orkestratzeaz, Laboak berak hala eskatuta. Donostiako Hamabostaldiaren barruan eman zuten kontzertua.
Laboaren pieza ezagunaren bi bertsio horien arteko elkarrizketa da Gernika (1937-2012). Bertsio bateko zein besteko puskak aukeratu eta ordenatu zituen Bastidak. Gero etorri zen Iñaki Salvadorren laguntza. Alderdi teknikoa landu du Salvadorrek, ordenagailu bidez josi ditu bi bertsioen puskak.
Bi bertsioak desberdinak izanik ere, espero baino aiseago ezkondu dituzte. Izan ere, Carlos Puigen bertsio sinfonikoak jatorrizko bertsioaren mamia ezin hobeki jaso zuela konturatu ziren. Musika eta soinuekin esperimentatzea gustuko zuen Laboak, eta bertsio berriaren egileek haren izpirituarekin bat egiten duela ziur daude.