Fiskaltzaren iritziaren aurka eta Laffage Casasola sendiaren errekurtsoa onartuta, Nagore Laffage gazte irundarraren heriotzaren kasua berraztertzea erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak.
Hamabi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Jose Diego Yllanes iruindarrari 2009ko azaroan, zinpekoen epaimahaiak gertakaria homizidioa izan zela erabaki ondoren. Orain, kasua berrikusteak Yllanesi hilketa leporatzea ekar dezake, eta, horrekin batera, kartzela zigorra hogei urtera luzatzea.
Aukera hori ikusita, «ilusiozeta itxaropentsu»agertu da Asun Casasola, Laffageren ama, Radio Euskadin eginiko adierazpenetan: «Justizia egingo da, eta hilketa bat izan zela esango dute».
Hilketaren hipotesiari hasieratik heldu dio Casasolak. «Zinpekoen epaimahaiak huts egin zuen, ez zelako konprometitu nahi izan». Argi du, ordea, Casasolak: «Frogak argiak dira». Alabaren heriotzan «azpikeria» egon zela azpimarratu du, hilketaren teoria nagusitu dadin.
Gertakariak
2008ko uztailaren 7an hil zuen Yllanesek Laffage, Iruñean. Orondritzen (Nafarroa) ezkutatu zuen gorpua iruindarrak, baina egun berean aurkitu zuen Poliziak, herriko batek emandako abisuari esker.
Ordu gutxiren ondoren, atxilotu zuen Foruzaingoak Yllanes, 27 urteko mediku egoiliarra. Hark berehala aitortu zuen errudun zela, bai atxilotu zutenean bai epailearen aurrean. Homizidioa egotzi zion Yllanesi zinpekoen epaimahaiak. Gainera, Yllanes mozkortuta zegoela eta biktimaren sendiari kalte-ordainak ordaindu zizkiola kontuan hartu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, aringarri gisa. 320.000 euro ordaindu zituen guztira medikuak: 120.000na euro gurasoentzat eta 80.000 euro Nagoreren nebarentzat.
Bost epailek hartuko dute behin betiko erabakia, eta azaroaren 25ean -Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean- emango dute jakitera. Alkohola aringarritzat jo izan da kasu askotan, baina Nagore Laffageren heriotzak alkohola aringarri ala larrigarri den eztabaida sortu zuen, politikari eta emakumeen nahiz biktimen elkarte ugarik epaiaren aurkako adierazpenak egin ostean.
'Laffage auziko' epaia berrikusiko du Auzitegi Gorenak
Hogei urtera igo daiteke Jose Diego Yllanesen espetxe zigorra, homizidioaren ordez hilketa egozten badiote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu