Lagun bat atxilotu dute Iruñean, Herrira-k deitutako elkarretaratzean

Bertan zeuden pertsona guztiak identifikatu ditu Espainiako Poliziak, Ateak Ireki atariaren arabera. Arratsalderako aske laga dute atxilotutako gaztea. Nafarroako Gobernuak datozen egunotako elkarretaratzeak baimendu ditu. 

2012ko abuztuaren 14a
18:28
Entzun

Espainiako Poliziak lagun bat atxilotu eta gainontzeko guztiak identifikatu ditu Iruñean Herrira mugimenduak eguerdian deitutako elkarretaratzean, Ateak Ireki atariak jakinarazi duenez. Identifikatzeari uko egin diolako eraman dute atxilotuta gaztea. Aske laga dute arrasalderako. 100 lagun inguru zeuden bilduta Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean. 

Polizia Meriendades plazako biribilgunean protesta egiten ari ziren lagunengana hurbildu omen da, ekitaldia debekatuta zegoela oroitaraztera, eta biribildunetik espaloietara mugitzeko eskatu dietela azaldu du Atek Ireki webguneak. Bertaratutakoek modu baketsuan elkarretaratzea desegin dute orduan eta Meriendades plazako hainbat puntutan gelditu dira, talde txikietan. Polizia lagunak banan-banan identifikatzen hasi da orduan, legez kanpoko elkarretaratze batean egoteagatik isunak jarri ditzaketela mehatxu eginez, eta bi pankarta kendu dizkiete. Azkenerako, atxilotuta eraman dute gazte bat identifikatzeari uko egin diolako.

Sergio Labayen Herrira-ko ordezkariak adierazi du gaurkoa Uribetxeberriaren aldeko "gizarte olatu" gelditzeko ahalegina dela eta nabarmendu du elkarretaratze hori ez dela legez kanpo dagoena, baizik eta minbiziak jota larri dagoen preso gaixo bat preso mantentzea "mendeku hutsagatik". 

Biharko elkarretaratzea bere horretan mantenduko dutela jakinarazi dute. Uribetxeberriaren egoera salatu eta "berehalako" askatasuna eskatzeko elkarretaratzeak deitu ditu Herrira-k gaur hasi eta egunero, Espainiako Gobernuak Bilbo, Gasteiz eta Iruñean dituen ordezkaritzetan. Nafarroako Gobernuak datozen egunotako elkarretaratzeak baimenduta daudela adierazi du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.