Gaur 11:45ean istripu larria gertatu da Gi-632 errepidean (Ormaiztegi-Zumarraga autobidea), Zumarragako (Gipuzkoa) udal barrutian, eta lagun bat hil egin da. Autobidea bukatzen den bihurgunean bi autok eta kamioi batek elkar jo dute, eta, kolpearen ondorioz, azpitik pasatzen den trenbidera erori da kamioia, 15 metroko altueratik. Autoetako bateko gidaria da hil dena.
Beste lau pertsona zauriturik daude: beste autoko hiru lagun eta kamioiko gidaria. Ibilgailuaren barruan irten ezinik geratu da kamioiko gidaria, eta suhiltzaileek atera badute ere, ez dute haren osasun egoerari buruzko xehetasunik eman.
Istripuaren eraginez,Renferen tren zerbitzua eten egin behar izan dute Zumarraga eta Beasain artean, kamioia karrilean baitago. Errepideko trafikoa ere moztuta dago Gi-632 errepidean, bai Zumarraga aldera, bai Ormaiztegirantz. Istripua gertatu den tokian hasten da errei bikoitzeko errepidea, baina bihurgunea bera bi noranzkoetako bidean dago. Auto ilara handiak sortu dira, batik bat Ezkio-Itsasotik Zumarraga alderako noranzkoan. Eitzagatik desbideratzen ari da Ertzaintza trafikoa (Gi-2632 bidetik), baina hor ere pilaketak sortu dira.
Informazio gehiago Goierriko Hitzan.
Argazkian, kamioia trenbidean, gaur goizean. (Goierriko Hitza).
Istripua
Lagun bat hil da kamioi baten eta bi kotxeren arteko istripuan, Zumarragan
Beste lau zaurituta daude. Kamioia trenbidera erori da, eta trenik ez dabil Zumarraga eta Beasain artean. Autoetako bateko gidaria da hil dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu