Sare sozialetan zabaldu dute berria eta baita bideoa ere. Gazte Rockek berak salatu du gertatutako "bazterketa transfoboa". 16-17 urteko gazteak biltzen dituen udaleku horretan, Gesaltza Añanako (Araba) igerilekura joan ziren atzo. Hango sorosleak, baina, kamisetarekin uretara sartzea eragotzi zion gazteetako bati. Begiraleak soroslearengana joan ziren gaztearen kasua berezia zela azaltzera. Ezetzari eutsi zion hark, ordea. Udalekuan zeuden gainerako gazteek ekimena hartu zuten orduan. Kamiseta jantzi eta uretara salto egin zuten, "kamisetarekin!" oihu eginez. Sorosleak guztiak kanporatu zituen igerilekutik eta Ertzaintzari deitu zion.
Hell Doradok eta Arabako Foru Aldundiko Gazteria Institutuak antolatzen dute Gazte Rock udalekua, eta musika zaletasuna duten gazteei bideratuta dago. Azaldu dutenez, Añanako Udala eta Arabako Diputazioa jakinaren gainean daude.