'zure ziztada behar dugu'

Lagunekin Kantari-ren emanaldia igandean, BERRIAlaguna kanpainaren alde

Guztira sei kantari arituko dira Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Sarreraren prezio 15 eurokoa da, eta ondoko tokietan eros daitezke: Donostiako Hontza liburu dendan eta Antzoki Zaharrean.

Igor Susaeta.
2012ko maiatzaren 30a
09:50
Entzun

Donostia Kantuz taldeak ere BERRIAlaguna kanpainarekin bat egin du. Lagunekin Kantari emanaldia, euskal kanta herrikoien kantaldia, antolatu baitu datorren iganderako. Donostiako Antzoki Zaharrean izango da, 19:00etan hasita, eta sei kantarik parte hartuko dute. Amaia Zubiriak, Erramun Martikorenak, Maddi Oihenartek, Pantxix Bidartek, Amaren Alabak taldeak, eta Itziar Zamorak. Entzuteko atsegina, kantatzeko plazera egitasmoaren filosofiari jarraituz, bitan zatitu dute kantaldia. Lehen zatian kantariak arituko dira, eta, bigarren zatian, aldiz, bai kantariek eta bai ikusleek denek batera abestuko dute.

Kantari bakoitzak hiru kantu abestuko dituela argitu du Joserra Beloki emanaldiaren antolatzaileetako batek. "Gero, berriz, bigarren zatian, hamar abesti kantatuko ditugu elkarrekin". Iruditzen zaio ekitaldi polita izan daitekeela. "Izan ere, 500 pertsonarentzako tokia dauka Antzoki Zaharrak". Gainera, uste du hautatutako kantariak denetarikoak izateak emanaldia onduko duela: "Erramun Martikorena eta Amaren Alabak, adibidez, bi kontu erabat ezberdin dira. Pantxix Bidart eta Itziar Zamoraren estiloa, berriz, oso bestelakoa da.

Herri kantak gustatzen zaizkionarentzat emanaldi interesgarria da". Huts-hutsean abestuko dute, gainera, ez baitute musikarien laguntzarik edukiko. Sarreraren prezio 15 eurokoa da, eta ondoko tokietan eros daitezke: Donostiako Hontza liburu dendan eta Antzoki Zaharrean.

Jarduera errotua

Ekitaldiak balioko du, batetik, BERRIAlaguna kanpainaren alde egiteko; eta bestetik, Lagunekin Kantari egitasmoaren 11. urteurreneko ospakizunak ixteko. Donostian jada errotuta dagoen jarduera da.

IZBEk (Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea) euskal kanten ikastaro bat antolatu zuen 2001ean, eta urtebete geroago, ikastaroari bukaera emateko asmoarekin, programa bat abiaraztea erabaki zuen: Lagunekin Kantari izena jarri zioten. 11 urtez iraun du ikastaroari amaiera emateko balio behar zuen jarduera horrek, eta, hartara, urtero, maiatzean, Larrotxeneko kultur etxean, hiru kantaldi egiten dira. Azkeneko 11 urteotan kantari sorta polita aritu da emanaldi horietan: Anje Duhalde, Txomin Artola, Antton Valverde, Maddi Oihenart, Niko eta Dominika Etxart, Amaia Zubiria... Betiere, gainera, egitasmoaren filosofiari eutsiz: jendearentzat zein jendearekin kantatuz.

Baina Larrotxeneko ekintzez gain, Donostia Kantuz-eko kideek Kantu Jira ekitaldia egiten dute hilero. 250 bat lagun biltzen dituzte, kaleetan barna herri kantak abesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.