Jesus Uzkudun

«Laguntzak egon behar dira amiantoa erretiratzeko»

Amiantoa duten hondakinek tratamendu berezia behar dutela gogoratu du Uzkudunek. Haren esanetan, ordea, edozein bazterretan uzten dira sarri. Horrek jendea gaixotzeko arriskua eragiten duela ohartarazi du.

Jesus Uzkudun. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Garate.
2021eko maiatzaren 16a
22:14
Entzun

2002an debekatu zuen Espainiako Gobernuak amiantoa merkaturatzea, baina minbizia eragiten duen material hori hainbat eraikinetan dago oraindik. Jesus Uzkudun (Donostia, 1949) Asviamie amiantoaren biktimen elkarteko kidearentzat, oso garrantzitsua da zehazki zer eraikinetan dagoen jakitea, bestela gaixotzen jarraituko baitute langileek. Eraikinen inbentario bat egiteko eskatu diote aldundiari. Egungo amianto gehienak 35 urtetik gora dituela esan du, eta horrek arriskua areagotzen duela gogoratu.

Amiantoa duten eraikinen inbentario bat egiteko eskatu diozue Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gaur egun ez dago halakorik?

2002an, guk proposatuta, Eusko Legebiltzarrak onartu egin zuen inbentario bat egitea, baina, ondoren, udalek esaten zuten Jaurlaritzak egin behar zuela, eta Jaurlaritzak, udalek egin behar zutela. Azkenean, ez zuten ezer egin. Orain, Elkarrekin Podemosek egin du proposamena Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta EH Bilduk ere bat egin du. Guri interesgarria iruditu zaigu, eta horregatik bultzatu dugu eskaera. Daukagun informazioaren arabera, Espainiako Gobernuak hondakinei buruzko lege bat onartuko du laster, eta udal guztiak behartuko ditu 2023rako inbentario bat eta amiantoa erretiratzeko plan bat egitera. Europako Legebiltzarrak ere onartuta dauka 2032rako desagertu egin behar duela amiantoak Europatik, eta horretarako planak egin behar direla.

Nola jakin daiteke eraikin batean amiantorik badagoen?

Eraikinak zenbat urte dituen, hori izaten da erreferentzia bat: 1970-1980 inguruan egindako etxeetako tximinietan, teilatu hodietan eta abarretan oso litekeena da amiantoa egotea. Nafarroan, droneekin irudiak hartuz egin dituzte azterketa batzuk. Arkitektoek eta aparejadoreek ere egin dezakete lan hori. Etxeetan eraginkortasun energetikoaren azterketak egin zirenean, sekulako aukera galdu zen. Iparraldean, adibidez, etxe bat erosteko edo saltzeko, amiantorik ez duela ziurtatzen duen egiaztagiria eskatzen dute. Hemen, ordea, sekulako axolagabekeria dago; amiantoak ez duenez kolpetik hiltzen eta gaixotasuna 30 urte ingurura etortzen den…

Eraikin batean amiantoa egote hutsa arriskutsua al da?

Gure teilatuan zuntz zementu amiantoduna badago, kontuan hartu behar dugu 35 urteko bizitza daukala material horrek. Behin bizitza hori pasatutakoan, pixkanaka deseginez joaten da eta zuntzak libratzen ditu; hori da arriskutsua. Urte gutxiago baldin baditu eta ez bada mozten edo horrelako zerbait egiten, ez du arriskurik. Kontua da gaur egun dagoen amianto gehienak 35 urtetik gora dituela eta desegiten ari dela. Horregatik da hain garrantzitsua inbentario bat egotea eta amiantoa non dagoen jakitea. Udalek obrak egiteko baimenak ematen dituzten bezala, esan egin behar dute: ‘Kontuz, hor amiantoa dago, eta zu ez zaude baimenduta erretiratzeko’. Hori ez baldin bada egiten, berriz ere kutsatzen jarraituko dute langileek.

Nola erretiratu behar da eraikinetako amiantoa?

Enpresa espezializatuei dagokie amiantoa kentzea. Langileak traje zuri batzuekin eta maskarak jantzita babestu ohi dira. Hondakinak ere ondo paketatu eta hondakin arriskutsu moduan tratatu behar dira. Zer gertatzen da? Askotan edozein igeltserok kentzen duela amiantoa, eta edozein ibaiertzetan edo mendi bazterretan botatzen direla hondakinak; jendea gaixotzeko arriskua dakar horrek. Izugarrizko axolagabekeria dago.

Eta nori dagokio eraikin pribatuetako amiantoa kentzea?

Etxe pribatu batean, txabolako baratzean, baserri batean edo beste nonbait egonez gero, berez, nagusiari, baina nagusiari esaten badiozu amiantoa erretiratzea ez dakit zenbat kostatuko zaiola, esango du baduela igeltsero bat prezio horren laurdenean kenduko diona. Eta inolako prebentzio neurririk gabe kenduko du, ziurrenik, eta edozein bazterretara botako du. Horregatik, guk esaten dugu laguntzak egon behar direla amiantoa erretiratzeko. Ardura bat behar da, urteetan horrelako produktuak saldu dituzte eta.

Espainiako Diputatuen Kongresuak apirilean onartu zuen tramiterako amiantoaren biktimentzako funts bat sortzea. Zer irizten diozue?

Laster zuzenketak eztabaidatzen hasiko dira, eta zenbat diru jarri ere erabaki beharko dute. Pozgarria da tramiterako onartzea, baina beldur naiz oraindik, ez baitakit zenbat diru jarriko duten. Iruditzen zaigu funts horrek batez ere zenbait biktimari lagundu behar diela. Adibidez, jada desagertuta dauden fundizio txikietan lan egin duten jende asko ari da hiltzen eta gaixotzen. Enpresa txikietan autonomo ibili direnak ere bai. Horiek ez dute aukerarik inori kalte ordainik eskatzeko, eta behar dute erreparazio bat. Gauza bera gertatzen da senarren arropak garbitzen gaixotutako emakumeekin. Horregatik, uste dugu amiantoaren biktimentzako funts horrek asko lagunduko duela justizia eta erreparazio aldetik. Enpresek ere eskatu behar dute barkamena. Txarra izanda ere, bazegoen lege bat, eta bete izan balute, askoz hildako eta gaixo gutxiago izango ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.