Laguntzera joan, ihesi itzuli

Indigenen protestak bultzatzea leporatu diete GKE baten bitartez joandako EHUko hiru biologia ikasleri, eta Euskal Herrira bueltatu behar izan dute

jakes goikoetxea
ALTZO
2006ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ekuador. Oihana. Indigenak. Ameriketako Estatu Batuak. Merkataritza Askearen Ituna. Euskal Herriko hiru biologo. Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Polizia. ETA. Eta Espainiako Atzerri Ministerioa. Itxuraz, horietako askok ez dute elkarrekin lotura handirik; duela astebete, ordea, guztiak elkarrekin lotu dituzte, Euskal Herriko hiru kooperante erdi-erdian harrapatu dituen katramila batean.

Haritz Beasain, Maitane Unzu eta Lorena Uriarte EHUko biologia ikasleak iazko urriaren 4an joan ziren Ekuadorrera, Pastaza probintziako Sarayaku herrira, Amazonian. CCOO sindikatuaren Bakea eta Elkartasuna GKEren bitartez sei hilabeteko lana egin behar zuten indigenei laguntzen lurraren kudeaketan, ingurumenaren babesean.Bost hilabetean guztia ongi joan zen. Itzulera prestatzen hasi zirenean sortu ziren arazoak. Bazuten indigenen protesten berri,ikusi ez bazituzten ere: Gobernuak Merkataritza Askearen Ituna sinatu nahi du AEBekin, baina indigenak aurka daude eta grebak eta protestak egin dituzte erreferenduma eskatuz.Beasainek, Unzuk eta Uriartek Puyora deitu zuten (Pastazako hiriburua), bertara joateko hegazkina kontratatzeko. Orduan jakin zuten euskaldun batzuek protesta martxa batean parte hartu zutela. Martxoaren 20an, astelehenean, Puyoko taberna bateko terrazan zeudela bi ezagun azaldu ziren. Mezu bat zutela esan zieten euskaldunei: Ekuadorko Gobernuaren bilera batean Beasain, Unzu eta Uriarte aipatu zituzten eta Polizia beren bila ari zen. «Bileran esan zuten ETAko kideak ginela eta protesta martxak antolatu genituela», dio Barañaingo (Nafarroa) Maitane Unzuk.

Ohiko salaketa

Ez zuten esandakoa sinetsi, guztia «barre egiten» kontatu baitzieten. Bileran aipatu zituztela baieztatu ahal izan zuten arren, ez ziren askorik larritu. «Akatsa» zela uste zuten, Altzoko (Gipuzkoa) Lorena Uriarteren esanetan. Gainera, jakin zuten lehenago ere Sarayakura joandako kooperante euskaldunei edo kataluniarrei ETAko kideak izatea leporatu izan dietela, «bertatik bota ahal izateko».

Beasain, Unzu eta Uriarte ostatura itzuli ziren. Astearte goizean ostatuko telebistan entzun zuten Polizia hiru kooperante euskaldunen bila ari zela. «Pentsatu genuen agian gu izan gintezkeela, itxura guztia zuela», gogoratu du Uriartek.Sarayaku herriak Puyon duen bulegora joan ziren. Idazkaria oso urduri zegoen, ikusi zituen arte ez baitzuen hiru euskaldunen berri. Agian atxilotuta zeudela uste zuen. Esan zien Felipe Vega Gobernu ministroak hitz egin zuela beraiei buruz: «Esan zuen Bakea eta Elkartasuna GKEak mobilizazioak finantzatu zituela, gure bidez», dio Unzuk.Telefono deiak etengabeak izan ziren: Bakea eta Elkartasuneko ordezkariena, EHUkoenaÉ Kontuz ibiltzeko esan zieten, ez ateratzeko kalera. Puyoko gotzaina era bisitatu zuten, eta irratian beren izenak entzun zituzten ordurako.Espainiako enbaxadatik deitu zuten. Enbaxadoreak galdetu zien ea Ekuadortik atera nahi zuten. «Orduan konturatu ginen ez zela broma», nabarmendu du Uriartek. Zirt edo zart egiteko ordua zen, eta Ekuadortik ateratzea erabaki zuten. Enbaxadako ordezkariek Quitora eraman zituzten asteazkenean, eta konfiantzako lagun baten etxean pasatu zuten gaua. Quiton beren izen-abizenak eta argazkiak ikusi zituzten telebistan.Hurrengo goizean, ostegunean, enbaxadara eraman zituzten aurrena, eta «ia-ia hegazkineraino» gero. Aireportuan topatu zituzten indigenen protestetan parte hartu zuten euskaldunak, haiek bezala Ekuadorrera laguntzera joandakoak. Aireportuan ez zieten elkarrekin hitz egiten utzi, baina hegazkinean izan zuten elkarren berri. Euskal Herrira itzuli eta astebetera, irribarre artean oroitzen dituzte Ekuadorren gertatutakoak. Pentsatzeko denbora izan dute. «Ni ez naiz gertatu denaz kontziente izan», dio Lorena Uriartek. «Sustoa pasatu dugu, baina ez dut gu atxilotzeko arriskurik ikusi». Benetan beren atzetik bazebiltzan atxilotzea erraza zela gehitu du Eibarko (Gipuzkoa) Haritz Beasainek, ez baitziren ezkutatuta edo ihesean ibili. Gogaituta dago gertatutakoarekin: «Manipulatua sentitu naiz». Hori berretsi du Maitane Unzuk: «Ekuadorko Gobernuak erabili egin gaitu Sarayakuren eta indigenen kontra, Sarayaku oso gogor ari baita Gobernuaren eta petrolio konpainien kontra».Oraindik ez dute Ekuadorko Gobernuaren azalpenik edo barkamenik jaso. «Esan ziguten onartu duela guk ez genuela ezer egin, baina ez duela esango egoera pixka bat lasaitu arte», dio Unzuk. «Gertatua argitzea nahi dugu, horrela ez gelditzea».Bukaera tristea izan den arren, pozik daude Ekuadorren egindakoaz eta ikasitakoaz. «Egin beharreko lana egin dugu behintzat», nabarmendu dute hirurek. Bueltatzeko asmoa ez dute baztertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.