gizartea

Lamarca arartekoak dio Hondarribiko alardean lehentasuna Jaizkibel talde mistoak izan behar duela

Haren arabera, "berdintasuna bermatzen duen talde bakarra da" hura. Emakundeko zuzendariak berriz ere babesa agertu dio Jaizkibel konpainiari. Honek Miguel Buen Herrizaingo sailburuordea egin du gatazka plazara atera nahi izatearen errudun. Rodolfo Aresek uste du "segurtasun arazo larriak" daudela. Saio berezia egin dute Eusko Legebiltzarrean.

2011ko urriaren 4a
20:35
Entzun

Iñigo Lamarca EAEko arartekoak adierazi du Hondarribiko alardean Jaizkibel talde mistoak izan behar duela lehentasuna, ez tradizionalak —soldadu gizonezkoak baino ez dira ateratzen—. "Eusko Jaurlaritzak eta Hondarribiko Udalak ekintza positiboa egin behar dute alarde mistoaren alde, [gizonezko eta emakumezkoen] berdintasuna bermatzen duen talde bakarra delako". 

Aurten Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ibilbidea aldarazi zion Jaizkibeli, "segurtasun arazoak" argudiatuta. Lamarcaren ustez, segurtasunak ezin du izan aitzakia eskubideak urratzeko.

Hondarribiko alardeari buruzko saio berezia egin dute gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean, eta han egin ditu adierazpenok arartekoak.

Emakunderen babesa alarde mistoari

Maria Silveste Emakundeko zuzendariak azaldu du hurrena ere babesa emango diola Jaizkibel konpainiari, eta aurten Jaurlaritzak egindako aldaketa txarretsi du, "Jaizkibelen protagonismoari eta haren aldarrikapenari eragin diolako”.

Emakundeko zuzendariak gogoratu du “Konstituzioak, Estatutuak eta legeak hala aginduta, erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa” dutela emakumeek ospakizun horretan gizonek dituzten baldintza berberekin parte hartzeko. Haren arabera, Hondarribiako eta Irungo udalek ez dute lagundu izan horretan.

Jaizkibelek Miguel Buen egin du gatazka plazara atera nahi izatearen errudun

Jaizkibel konpainatik Ixabel Alkain, Izaskun Larruskain eta Garikoitz Lekuona mintzatu dira. Haien iritziz, Hondarribiko alardean dagoeneko ez dago segurtasun arazorik eta Jaurlaritzak hori aitzakia gisa erabili du. Gainera, ez dagoen gatazka plazara atera nahi izatea egotzi diote Herrizaingo Sailari, eta Miguel Buen sailburuordea egin dute errudun.

Aresek uste du "segurtasun arazo larriak" daudela

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak bestelako azalpena eman du Hondarribiko alardeko segurtasunari buruz, "arazo larriak" daudela esan baitu, "normaltasunik ez dagoelako, ez gaitezen engaina". "Eskubideak urratu ez zitezen gutxieneko egokitzapen batzuk baino ez genituen egin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.