ETBko Euskadi Galdezka saioan izan zen atzo Iñigo Lamarca Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoa, eta hainbat herritarrek eginiko galderei erantzun zien. Gai ugari jorratu zituen Lamarcak; besteak beste, esan zuen Ertzaintza, Osakidetza eta "administrazio periferikoa" euskaldunen hizkuntz eskubideen bermean "beltzune" direla, eta erakunde horietan ere euskal hiztunen eskubideak ziurtatzeko erronka ezarri du.
Cabacas eta Nafarrate auziez ere galdetu zioten Lamarcari. Salatu zuen administrazioaren laguntzarik ez zuela izan, eta "frustrazio puntu bat" baduela aitortu zuen. Etxe kaleratzeez galdetuta, ihardetsi zuen erakundeek "gehiago" egin dezaketela etxegabetzeak saihesteko. Hain justu, gai horri buruzkoak izan ziren galdera ugari.
Arartekoak azaldu duenez, agintariek legeak aldatu eta zorroztu behar dituzte, eta, horren harira, Estatu mailako hipoteken legea aldatzea beharrezko ikusten du: ''Giltza nagusia Madrileko legean dago''. Horrela, aitortu du ezer gutxi egin dezakeela EAEko arartekoak.
Ustelkeria kasuez, azaldu du "gogor" egin behar zaiela aurre, baina gaineratu du "oso kezkagarria" dela agintari guztiak ustelak izan daitezkeela zabaltzea. Halaber, langabeziaz esan du erakunde eta herritar guztiek barneratu dutela erronka nagusia langabezia murriztea dela, baina, horren harira, aitortu du Lanbide oker funtzionatzen ari dela.
EAEko eta Nafarroako arartekoen bilera gaur
Lamarcak atzoko saioan jakinarazi zuen gaur Javier Eneriz Nafarroako arartekoarekin bilduko dela, bi erkidegoetako egoerari buruzko iritziak partekatzeko. Besteak beste, Nafarroako euskaldunen aurkako urraketak izan dituzte hizpide, Lamarcaren arabera.