Lan istripuak

Lan Arriskuen Prebentzio Legea betetzeko eskatu dute sindikatuek Azpeitian

Herenegun Azpeitiko (Giuzkoa) Corrugados Xaflalan enpresan hil zen langilearen heriotza salatu dute ELA, LAB, ESK eta STEE-EILAS sindikatuek eta hainbat langilek. “Azpikontratetan dabiltzanek, behin-behineko lan kontratua dutenek eta etorkinek halako istripuak izateko arrisku handiagoa" dutela nabarmendu dute.

2006ko abuztuaren 25a
16:10
Entzun
Lan istripu gehiago ez zioen pankartaren atzean ordu erdiko elkarretaratzea egin dute sindikatuek eta langileek Azpeitiko Corrugados Xaflalan enpresako bulegoen aurrean. Ugazabek prebentzioan ez dutela inbertitzen azpimarratu dute sindikatuek .“Patronalaren interesak hiritarren gainetik jartzen badituzte arazoa amaigabea” izango dela gaineratu du Eustakio Uranga ELA sindikatuko lan eta osasun arloko arduradunak.

Administrazioaren jarrera ere kritikatu dute agerraldian. “Segurtasun neurriak betetzeko exijitu arte, enpresaburuek berdin jarraituko dutela” esan du Urangak. Lan Arriskuen Prebentzio Legea betetzen ez dutenak zigortzeko eskatu du ELAkoak.

Azpikontratetan aritzen direnek, etorkinek eta lan kontratu ezegonkorra dutenek horrelako istripuak izateko arrisku handiagoa dutela salatu dute agerraldian.

Urtea hasi zenetik gutxienez 63 langile hil dira Euskal Herrian. Herenengun Azpeitian gertatutako ezbeharrean 40 urteko gizonezkoa hil eta beste bat zauritu ziren, Portugaletik etorritakoak biak ere. Azpikontrata batean zebiltzan. Biltegi bat soldatzen ari zirenean gertatu zen istripua. Antza denez, txinparta batek eragindako eztandak biltegia bota zuen eta langilea azpian harrapatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.