Arriaga plazatik Foru jauregira arteko bidea egin dute, Lan duinaren alde prekaritateari stop leloa zuen pankartaren atzean. Eusko Jaurlaritzak ipinitako %80ko gutxieneko zerbitzuak gorabehera, ELA sindikatua pozik agertu da lortutako parte hartzearekin. Martxotik hemezortzi egunez protesta egin eta orain hamalau eguneko deialdia egin arren enpresek oraindik ez dutela proposamenik egin salatu du Gaizka de Miguel sindikatuko ordezkariak. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren jarrera gaitzetsi du, langileak errudun egiten saiatu delako ekaineko greba egunetan zerbitzuak izan zituen gabezien inguruko txostena ezagutzera emanez. "Guk badakigu hori egunero gertatzen dela".
Langileak "gogotsu" daudela esan du sindikatuko kide Ander Txakartegik. "Argi esan digute lan baldintza ganorazkoak ipini eta lan kargak aldatu arte ez dituztela mobilizazioak utziko". Ostiralean daukate negoziazio mahairako deialdia, baina Txakartegik ez du itxaropenik. "Euren asmo bakarra irabaziak handitzea da. Guk atera dugun txosten batean erakusten dugu zelan, adibidez, Igurkok hiru miloi euroren irabaziak dituen, eta beste zentro batzuek milioikoak".