Nafarroako Ingurumenaren Kudeaketa Mintegiak eta Oihanberritzeak enpresa publikoaren ardura da bisoiaren habitata hobetzeko lanak egitea. Zarrakaztelun eta Azkoienen jada esku hartu dute, eta herriotako eta inguruko agintarien aurrean erakutsi dituzte egin duten lan horren lehen emaitzak. Zarrakaztelun, Aragoi ibaian, Campollanoko ibarbasoan ubideak eta putzuak sortu dituzte, bisoi emeek umeak egin ditzaten. Hango populazioa handitu nahi dute. Azkoienen, berriz, Mugako ibarbasoan, Arga ibaiaren bide zaharra moldatu, eta putzu berri bat sortu dute arrantzaleentzat, jendea bisoia dagoen guneetatik harat mugitzeko asmoz.
Javier Elso eta Fermin Urra dira proiektuaren arduradunetako bi. Bioingeniaritza lanez Elso arduratzen da; bisoiaren egoeraz, berriz, Urra. Zarrakaztelun, Campollanoko ibarbasoan egin dituzten lanei so, haien helburuaz mintzo da Elso: «Emeek leku lasaiak behar dituzte kumeak egiteko; ur emari txikiak, ibai ertzetan sakontasun txikia dutenak, eta inguruan sasi eta sastraka ugari dituztenak; eta hori eskaini nahi diegu». Urte hasieran egin zituzten lanen arrastoak agerikoak dira oraindik, baina laster naturarekin bat eginen dute. «Bioingeniaritza lanon xedea da ikus ez daitezela».
HAMAZAZPI BISOI HAMAR KILOMETROKO.Funtsean, ubide eta putzu berriak sortu dituzte Zarrakazteluko lurrak ureztatzeko Aragoi ibaitik hartu eta soberan gelditzen den urarekin. Enborrak baliatuz egin dituzten ubideen ertzetan sahatsak eta milazkak landatu dituzte, bai eta lezkak ere. «Landareek eusten diote lurrari», azaldu du Elsok. Berriki sortu dituzten putzu berrietan karramarroak eta arrainak badira jada; igarabek, halaber, utzi dute arrastorik. «Bisoiak ere ingurua baliatzen hasi dira».
Ez da erraza bisoiak ikustea,gauez mugitzen den animalia baita. 1992. urtea bitarte Nafarroako populazioaren kokapenari buruzko datuak urriak zirela nabarmendu du Urrak, eta are urriagoak kopuruari buruzkoak. Hainbat urtez Nafarroako Gobernuak egin zuen lanari esker, datu esanguratsua ezagutarazi zuen Ingurumen Sailak 2004an: Nafarroan zegoela mustelidoaren munduko populaziorik handiena.
Gune zehatz batean kokatzen da populazio hori, gainera, Azkoien, Funes eta Faltzes artean, hain zuzen ere. Inguruko nekazariek beren lurrak ureztatzeko erabiltzen duten erreten sare tradizionala baliatzen dute bisoiek Arga ibaiaren inguruan. «Hamar kilometroko hamar bisoi aurkitzeak populazioa handia dela erran nahi du; inguru horretan hamazazpi aurkitu ditugu. Duguna zaindu behar dugu, eta bisoi gutxi dagoen tokietan populazioa handitzeko neurriak hartu», nabarmendu du Urrak.
Nafarroan 350 bisoi europar inguru daude. «Iberiako penintsulan, denera, 500 inguru; Frantzian, berriz, 200dik beheiti». Euskal Herrian, Bizkaian eta Araban ere bada bisoirik, bai eta Iparraldean ere. Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako bisoiek osatzen dute espezie horren mendebaldeko gunea; ekialdean, berriz, Errusian eta Bielorrusian daude, batez ere. «Han zenbat dauden jakitea zaila da; datu askorik ez da, eta bisoi amerikarrarekin nahastu egin dira».
Bisoi amerikarra da, hain zuzen ere, europarraren arerioetako bat. Beheko ezpaina baino ez du zuri amerikarrak, eta europarra baino handiagoa da. Lurra lortzeko borrokan amerikarra ohi da garaile.
Gizakia ere bada bisoi europarraren arerio borroka horretan. Mustelidoaren habitatean egon diren aldaketen atzean gizakien eskua baitago. Gizakiaren eskuaren eragina murrizteko, hain zuzen ere, Faltzesen lur zatiak batzeko prestatzen ari ziren proiektua bazter utzi zuen iaz Ingurumen Sailak, eta berri bat prestatzen ari dira, bisoiarekin, eta, oro har, ingurumenaren babesarekin, bateragarria izanen dena.
Herrialde Katalanetan bisoi europarraitxian hazten hasi dira
Iaz jaio ziren itxian hazteko Kataluniako zentroan lehen bisoi europarrak. Arabatik eraman zituzten hainbat mustelido, besteak beste, hainbat talde ekologistaren iritziaren kontra. Nafarroatik ez da animaliarik atera proiektu horretarako, eta erabaki hori zuzenena dela uste du Fermin Urrak. «Inportanteena haien habitata berreskuratzea da, bere kabuz egin dezan aurrera bisoiak».Estoniako adibidea jarri du Urrak itxian hazteko proiektuaren kontra. «Lehen hilabetean askatu zituzten bisoien %90 hil ziren, habitata egokia izan arren. Itxian hazitako bisoiak ez ziren aske bizitzeko gai».
Hori dela eta, Zarrakaztelukoaren eta Azkoiengoaren gisako proiektuen alde egin du Urrak. Beste hainbat herritan eginen dituzte antzeko ekimenak bisoiaren habitata hobetzeko eta populazioa handitzeko.