Sexu zerbitzuak hainbat tokitan ematen dituzte prostitutek: klubetan, etxebizitzetan, kalean.... Kalean jarduten direnek dute ikusgaitasun handiena herritar soilarentzat, baina gutxiengoa dira. Emakundek 2007an egin zuen prostituzioari buruzko azken txostena, eta hor esaten zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hiru udalerritan soilik aurki zitekeela kaleko prostituzioa: Bilbon, Galdakaon eta Gasteizen. Baina, Aukera zentrokoek azaldu dutenez, gaur egun ere, bospasei emakumek osatutako kolektibo txiki bat kaleko prostituzioan jarduten da Irunen. Eta horren erakusgarri onena da Irungo Udalak berak 2011n sexu zerbitzuen eskaintza eta eskaria zigortzen dituen ordenantza kaleratu izana.
2007az geroztik agertu da kaleko prostituzioa Irunen? "Ez, bada. Irunen, betidanik egon dira sexu langileak kalean; mugaldeko hiri bat da, klubak daude... Eta irundarrek badakite hori. Kontua da garai batean kalean lan egiten zutenak bertakoak [espainiar nazionalitatekoak esan nahi du] eta latinoamerikarrak zirela. Baina hori aldatuz joan zen, eta Saharaz hegoaldeko emakumeak hasi ziren". Ezer baino gehiagok beltzak eta beste kultura batekoak izateak piztu zuen haien kontrako polemika Irunen, eta ondoren, behin eta berriz isunekin kargatzen dituen ordenantza etorri zen. "Emakume horiek, gainera, 23:00etatik 05:00 ingurura arte ibiltzen dira soilik".
Bizkaian ere, kaleko prostituzioa oso txikia da, eta Bilboko Gorte kalera mugatzen da, Askabide elkartearen arabera: "Hogei bat lagun baino ez dira, gehienak nigeriarrak, eta Gorte kalean egoten dira. Noizbehinka, Miribilla auzora joaten dira, edo Zabalburu eta Concha Jeneralaren kale ingurura. Hori gertatu izan denean, inoiz asaldatu dira auzokideak; hori izan zen aitzakia Bilbon ordenantza berriak egiteko 2010ean. Baina Gortetik Miribillara joaten direnak bost edo hamar emakumeko taldetxoak baino ez dira. Ziklikoa izaten da hori, udaltzainen unean uneko jarreraren arabera".
"Deigarria da ikustea beste arautegi bat prestatu zutela hogei bat emakumerengatik. Bizkaiko edozein klubetan aurki daiteke hogei emakumeko taldea".
Egunez, gerta daiteke Gorte kaleko klubetan lan egiten duten emakumeak atarietan edo kalean egotea. "Baina gauez kalean lan egiten dutenak ez dira 20 edo 25 baino gehiago. Horiek eta Erletxeko tunelaren inguruan [Galdakao] egoten diren bizpahiru emakumeek osatzen dute Bizkaiko kaleko prostituzio bakarra".
"Kalea gogorra da", dio Aukera programako Sonia Vegak. "Baina lasaiago dabiltza; ordu gutxiago egiten dute lanean, eta askatasun handiagoa dute, independentzia handiagoa. Gauza bat dauka oso txarra kaleko langileen lanak: ikusgaitasuna". Eta horrek kaltebera bihurtzen ditu emakumeok, batez ere estigmatizaziorako.
Vegarentzat, gogorrena klub handietako sexu langile izatea da. Klub handiez ari denean, 2000. urtetik aurrera zabaldutako klub ereduaz ari da. Zenbait tokitan, Katalunian eta Alemanian, berrehun edo hirurehun prostituta har ditzake halako klub batek, baina Euskal Herrian txikiagoak dira; Gipuzkoan, gehienez 30 bat emakume izango dituzte. Ipar Euskal Herrian ez dago halakorik, Frantziako legediak debekatu egiten dituelako.
Eromenezko erritmoan
Hotel batean baleude bezala, prostitutek egonaldia ordaintzen diote klubaren jabeari: "50 euro inguru, eguneko mantenu osoarengatik". Zergatik gogorra? 21 egun egoten dira han sartuta egunero lanean —baliteke gehiago ere egotea, baina araua hortik doa, hilerokoarentzat astebeteko tartea hartuz, edo atsedenaldi bat, besterik gabe—, arratsaldeko bostetatik goizeko bostetara, hamabi orduz, maiz bezeroekin edari alkoholdunak edanez. Lanaldia bukatu, zerbait gosaldu, lotara joan, ordu bietan esnatu, zerbait bazkaldu, prestatu, eta atzera bostetan lanera. Eromenezko erritmoa da». Eta behin 21 egunak edo hilabetea amaituta, mugitu egin behar dute beste klub batera; hala egiteko esaten diete. Eta hurrengo txanda beste klub batean egingo dute, maiz beste erkidego edo beste herrialde batean.
"Azkenean, sexu zerbitzuen beste kontzeptu bat da, aisiarekin eta kontsumoarekin lotzen duena prostituzioa. Diskotekak bezala dira: gizona hara doa, parrandara joango balitz bezala, eta emakume ederrez inguratuta dago", dio Vegak. "Eredu kontsumista horrelakoa da; aurpegi berriak nahi ditu bezeroak, nobedadea: 'Orain emakume mulatoa nahi dut, edo ilehoria, edo begira, beltz hori berria da'. Gaur jatetxe txinatarra, bihar japoniarra eta etzi indiarra aukeratzen ibiltzen garen bezala".
Klub tradizionaletan, mugikortasuna ez da hainbestekoa. "Gehixeago egoten dira, baina lanik ez badute, mugitu egiten dira". Horietan, normalean ehunekoaren arabera kobratzen dute; bezeroek edaten dituzten kopen eta zerbitzuen diruen zati bat klubaren jabeak eramaten du. Toki lasaiagoak izaten dira: barra bat egoten da, eta gero, erreserbatuak.
Etxebizitzetan egiten den prostituzioan ere, bi jokamolde daude lan baldintzei dagokienez. Batzuetan ez dute alokairurik ordaintzen, ezta publizitaterik ere, eta, trukean, sexu zerbitzuaren diruaren erdia etxejabearentzat izaten da. Horrela, emakumeak lanean bezerorik ez duenean ez du dirurik irabazten, baina ezta galtzen ere, alokairurik ordaindu behar ez duelako. Etxeetan baina beren kabuz aritzen direnek, berriz, bezeroak utzitako dirua berena dute osorik, baina etxearen alokairua ordaindu behar dute, baita publizitatea ere, bezerorik, hots, dirurik lortu ala ez. Etxebizitzetan, eta baita klubetan ere, Vegaren arabera, langileek ez dute izaten kalekoek adina askatasun bezeroren bati ezetz esateko.
Bezeroaren etxera joaten direnak etxebizitzetan aritzen diren sexu langileak izan ohi dira. Eta hor, aintzat hartuta ez dakitela zer aurki dezaketen bezeroaren etxean, profesionalizazioa bultzatzen lan egiten dute prostitutei laguntzen aritzen diren elkarteek: "Autodefentsan, segurtasun neurrietan...".