Lana eta etxea batu ahal izateko eskaera

LABek atzo eginiko elkarretaratzea. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Lana eta familia bateragarri egiteko politiketan Eusko Jaurlaritza «iparra galduta» dabilela salatu du LAB sindikatuak. EITBn bateragarritasuna sustatzearen aldeko iragarkiak jartzen baditu ere, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioei bateragarritasuna «behin eta berriz» ukatzen diela salatu du. «Hipokritatzat» jo dute jokabide hori, eta funtzionarioek lana eta familia bateratu ahal izateko neurriak eskatu zituen atzo 10:30ean Jaurlaritzaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Jaurlaritzako funtzionarioen jarduna arautzen duen arau batek galarazi egiten du 09:30ak baino beranduago lanean hastea, seme-alaben zaintzarako lanaldi murrizketa eskatu arren. Ordea, Gasteizko Administrazio Auzitegiak 09:30ak baino beranduago hasi behar zuen funtzionario bati arrazoi eman zion, alabak eskolara eramateko 10:15era arte atzeratu behar zuelako sarrera. Dena den, Jaurlaritzak epai horren aurka helegitea jarri zuen.

Lana eta familia bateratzeko lanaldi murrizketa eskatu duten funtzionarioei lanera 09:30ak baino beranduago sartzea galarazten dien araua bertan behera uzteko eskatu dio LAB sindikatuak Jaurlaritzari. Bide batez, gogorarazi du ez dela Jaurlaritzak bateragarritasuna galarazten duten lehen aldia. Justizia Sailak lanaldi murrizketa edo lanaldi mistoa zuten langileak etxetik lan egiteko egitasmotik kanpo utzi zituela gogorarazi du, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.