Eusko Jaurlaritzaren lana eta familia uztartzeko politikek ez dute egiteko hori behar bezala betetzen. Modu horretan labur daiteke Gasteizko Administrazio Auzitegietako Epaitegian atzo eztabaidatu zuten salaketa. Auzitara jo duen funtzionarioak azaldu du familia eta lana bateratu ahal izateko lan ordutegiaren murrizketa eskatu zuen arren, derrigorrez hasi behar duela lanean 09:30 baino lehen eta, ondorioz, ezin dituela alabak ikastetxera eraman.
Ordutegi murrizketarekin batera, lanera heltzeko malgutasuna araudian jasota dagoela gogorarazi du LAB sindikatuak, baina aukera hori bertan behera gelditu dela Lan Harremanen zuzendariak bidalitako zirkular batean. Lanera heltzeko azken ordua 09:30 dela zehaztu du zirkular horrek. Bi salbuespen baino ez ditu kontuan hartzen: euskarazko eskoletara joaten diren funtzionarioena eta Mendekotasun Legearen onuradun diren pertsonei laguntza eman behar dietenena.
Adingabeak zaintzeko funtzionarioen lanaldiaren murrizketa legez onartuta dagoen arren, ordutegia zehazterako orduan Lan Harremanen zuzendariaren zirkularra aplikatzea «inkongruentzia» dela uste du LABek. Ordea, Eusko Jaurlaritzaren abokatuak, Ana Agirre Industria sailburu ohiak, kontrakoa agintzen duen legerik ez dagoela defendatu zuen atzo epaiketan, eta legezkotasun printzipioari eutsi zion.
Eusko Jaurlaritzako funtzionarioen lanaldi murrizketak araututa egon arren, ordutegia arautzeko lege izaera duen testurik ez dagoela gogorarazi zuen Agirrek, lan hitzarmena kasu. Ordea, Madrilen eta Espainiako beste hainbat tokitan egon badagoela gogorarazi zuen. Agirrek, sailburu ohia izanda, horrelako argudioak erabiltzea salatu du LAB sindikatuak, alor horretan ardura izan dezakeelako.
Hitzarmenaren ordez, ordezkari sindikal batzuekin sinatutako akordioa dagoela azaldu du LABek. Ez zuela sinatu gogorarazi du, besteak beste, ordutegi malgua arautzen ez zuelako.
Nagusiarentzat, arazorik ez
Salatzaileak, ordutegi malguagoa izateko arazorik ez legokeela arrazoitzeko, Eusko Jaurlaritzako Itzultzaileen Zerbitzu Ofizialeko arduradunaren idazki bat aurkeztu du. Zerbitzu horretan lanean dihardu salatzaileak, eta bere lana egiteko ordu zehatz batean ez duela sartu behar berresten da bertan; hau da, 09:30 baino beranduago sar daitekeela, baldin eta dagokion lanaldia egiten badu.
Epaiketaren ostean salatzailearen eskaera aintzat hartzen ez bada, errekurritzeko asmoa duela jakinarazi du LAB sindikatuak, lana eta familia bateratzeko politika egokiagoak xede.
Lana eta familia bateragarri egiteko oztopoak jartzea egotzi diote Jaurlaritzari
Umeak zaintzeko lanaldi murrizketaren malgutasun eza salatu du funtzionario batek; auzitara eraman du kexa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu