Lana eta familia bateratzeko neurrien onuradunetatik %6 soilik dira gizonak

Geroz eta laguntza gehiago eskatzen dira lanaldi murrizketarako, eta gutxiago eszedentziarako

Ivan Santamaria.
2008ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Laguntza ekonomiko handiagoak jasotzeko eskubidea izateak ez ditu gizonak lana eta familia bateratzeko neurri gehiago baliatzera bultzatu. Eusko Jaurlaritzaren programa hori arautu duen lehen dekretuak iraun zuen bitartean- 2002 eta 2007ko lehen seihilekoaren artean - laguntza horien onuradun guztietatik soilik %6 inguru, 1.549 lagun, gizonak izan ziren. Datu horren berri eman zuen atzo Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuak, orain arteko bateratze politiken azterketa aurkezteko agerraldian.

Gizonen parte-hartzea oso txikia izan dela onartu dute departamenduan, baina iazko uztailetik indarrean dagoen araudi berriak egoera aldatuko duela uste dute. Izan ere, bi guraso dituzten familietan kideetako bati ematen zaizkion laguntzen iraupena mugatu da. Hala, bi gurasoek baliatzen badituzte, horien iraupena luzatzen da. Guraso bakarreko sendietan, berriz, ez da halako mugarik ezarri. Oraindik gizonei laguntza ekonomiko handiagoak eskaintzen zaizkie, pizgarri modura.

Ebaluazioaren arabera, ia 45.000 laguntza banatu ditu bost urte eta erdian Eusko Jaurlaritzak, eta 24.000 onuradun izan dituzte, posible baita pertsona berberak laguntza mota ezberdinak jasotzea (esaterako, beste haur bat izan duelako). Batez beste, onuradun bakoitzak 3.567 euro jaso zituen lan utzialdiaren truke, eta 3.623 euro lanaldia murriztea aukeratu bazuen.

Laguntza gehienak, ia hamarretik zazpi, lanordu gutxiago izateko eskatu ziren. Lan utzialdia geroz eta gutxiago baliatzen den aukera dela nabarmendu zuen Mikel Marañon Gizarteratze eta Familia sailburuordetzako Programa eta Zerbitzuen Ebaluaziorako zuzendariak. «Pozten gaitu, azken batean lan utzialdia, batez ere luzea bada, ez baita bateratzea, baizik eta familiari lehentasuna ematea, lanaren gainetik». 2007ko uztailean indarrean sartu zen dekretu berriak joera hori indartu du, soilik laguntzen %18,25 eszedentzietarako izan direlako azken hilabeteotan.



FUNTZIONARIOAK BOSTETIK BAT. Lana eta familia bateragarri bihurtzeko politikak aurkeztu zirenean, soilik administrazio publikoetako langileentzako neurriak zirela aurpegiratu zitzaion Jaurlaritzari. Akusazioa datuekin errefusatu nahi izan zuen Azkarraga sailburuak atzo, laguntzak eskuratu dituztenen %19,6 baino ez direla funtzionarioak argudiatuta. Hori bai, kopuru hori funtzio publikoak lan merkatuan duen pisuaren (%10) halako bi dela onartu zuen. Hamar onuradunetik zortzik enpresa pribatuetan egiten dute lan.

Azterketaren arabera, kontratuaren baldintzak erabakigarriak dira laguntzak eskatzeko. Bost urteren buruan lanaldi murrizketez edo eszedentziez baliatu diren langileen %90ek kontratu mugagabea zuten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan langileen laurden batek aldi baterako lanpostua du edo kontraturik gabe ari da.

Dekretu berriari atxikita, 2007ko bigarren seihilekoan mendeko pertsonak zaintzeko 28 eskaera egin ziren, eta seme-alaben zaintzaileak kontratatzeko, 69.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.