Gorka Moreno. Ikuspegiko koordinatzailea

«Lanak eta hezkuntzak izan beharko lukete integrazio politiken ardatz»

Beste integrazio politika batzuk eskatu ditu Gorka Morenok, Ikuspegiko koordinatzaileak. Krisiak eragindako arazoei aurre egiteko neurriei eusteko garrantzia gogorarazi du.

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ziklo aldaketa baten berri eman du EAEko immigrazioari buruzko 2010eko urtekariak. Urtekariaren sarreran, ziklo aldaketa hitzak erabili ditu Gorka Moreno Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko koordinatzaileak ere (Irun, 1979), Xabier Aierdirekin batera idatzitako testuan. 1998tik 2008ra gertatutako immigrazio fluxuak baretu dira, eta, horrekin batera, beste politika batzuei lehentasuna ematearen alde agertu da; harrera politikak bigarren mailara pasa, eta aniztasunaren kudeaketa bezalako politikei lehentasuna eman.

Espainian atzerritarren kopurua jaitsi arren EAEn oraindik haziko dela iragarri duzue urtekarian. Zergatik gertatzen da hori?

Alde batetik, hemengo atzerritarren batez bestekoa oso txikia da beste erkidego batzuekin alderatuta. Bigarrenik, hona etorritako atzerritarrak geroago ailegatu dira, Espainiarekin alderatuta. Dena den, faktore nagusia da EAEko egitura sozioekonomikoa ezberdina dela. Aurreko garaian ez zen hainbeste jende etorri gure sektore ekonomikoa ez zelako batere egokiak populazio atzerritarrarentzat. Eraikuntzak, turismoak eta nekazaritzak ez du eragin gehiegirik gurean.

Eta berezitasun horrek nola eragingo du etorkizunera begira?

Aurreko garaian populazio atzerritarra ez zen hazi, aipatutako arrazoiengatik, eta garai honetan ere ez da jaitsiko, arrazoi berdinengatik. Etxeko lanak eta zaintza pertsonalak dira sektore nagusiak EAEn, eta sektore horiek ez dute krisia pairatzen beste sektore batzuek bezala. Zentzu horretan ausartuko nintzateke esatera populazio atzerritar gehiago helduko zaigula, ez beste urteetan bezala, baina Espainiako joerarekiko ezberdina izango da.

Krisiarekin batera etorkin atzerritarren EAEn gelditzeko asmoa indartu dela aipatu duzu.

Kontraesankorra dela pentsatu dezakete batzuek, baina pertsona horiek hemen geratzeko etorri dira. EAEko aniztasuna biderkatuko da aurreko urteekiko, eta aniztasun horren kudeaketan indarra jarri beharko dute instituzioek. Gauzak ondo eginez gero, jarreretan aldaketak eman beharko lirateke.

Aurrera begirako kudeaketa hori heldu aurretik, une honetan krisiak eragindako murrizketak gertatzen ari dira gizarte zerbitzuetan. Etorkizuneko lan hori zaildu al dezake horrek?

Bi integrazio mota bereizi beharko lirateke. Epe motzean, krisiari aurre egiteko integrazioari begira, egoeraren araberako neurriak hartu beharko lirateke. Bestetik, beste integrazio mota bat daukagu, epe ertain eta luzera begira; horretan beste elementu batzuk hartu beharko lukete garrantzia. Egia da diru sarrerak bermatzeko errentan egingo dituzten murrizketak ez dutela onik egiten, inondik inora. Ikusteke dago neurri horien eragina, baina ez dio inolako mesederik egiten etorkinen integrazio prozesuari.

Nazioartean zeuden integrazio ereduen ajeak agerian gelditu dira azken urteetan. Nora begiratu daiteke eredu egoki baten bila?

Frantziako eredu asimilazionistaren eta Erresuma Batuetako eredu multikulturalaren ajeak agerian gelditu dira. Dena den, elementu baikor bat azpimarratuko nuke EAEko integrazio ereduan: ez dugula eredurik. Lanean oinarritutako integrazio eredu espontaneo bat izan dugu, eta esango nuke nahiko ondo joan dela. Krisiak zalantzan jartzen du eredu hori Espainian: baina EAEn, lan merkatua ezberdina izanik, oraindik aukera dago eredu horri eusteko.

Etorkizunera begirako integrazio prozesu horretan zein ildo dira garrantzitsuenak?

Aniztasunaren kudeaketan lan egiten duena litzateke integrazio eredu egokiena. Horrez gain, hezkuntza eta enplegua izan beharko lirateke integrazio politiken ardatzak. Beste modu batean esanda, lehenengo belaunaldiak lana izan dezala lortzea litzateke helburua, eta bigarren belaunaldiak hezkuntzari esker enplegu hobea izan dezala. Ekuazio hori beteko balitz gauzak ondo egiten egongo ginateke. EAEn beste immigrazio fluxu batzuk izan direnean arrakastatsua izan da hori.

Lana eta hezkuntza eztabaida iturri nagusien artean daude, krisi ekonomikoaren ondorioen baitan.

Krisi egoeran gaude, baina espero dezagun egoera une batean desagertzea. Orduan ez da aitzakiarik egongo, eta baliabideak jarri beharko dira lana eta hezkuntzari begira. Hezkuntza oso garrantzitsua da, eta datu kezkagarriak daude alor horretan.

Zeintzuk dira datu dira horiek?

Eskola uztearen batez bestekoa nabarmen handiagoa da etorkinen seme-alaben artean. Espainiako datua da hori, baina EAEko ikasleei begira hainbat kezka ditut. Eskola publikoetan dago etorkinen seme-alaben kontzentrazio handiena, bereziki A ereduan. Garapen soziala garrantzitsua da bigarren belaunaldientzat, eta ezin dugu ahaztu gurean euskara badela horretarako funtsezko tresna bat. Geografikoki Arabako eskola publikoetan gertatzen dira kontzentrazio kopuru handienak.

Azken urtetan erlijio islamiarraren inguruan eztabaida batzuk sortu dira, meskiten harira. Kudeatzeko beste eremu bat al da hori?

Integrazioaz gain aniztasunaren kudeaketa ere aipatzen dugu, eta horren baitan meskitena da gai korapilatsuenetako bat. Beste gauzetan ez du ematen arazo handirik dagoenik, baina arlo horretan lan egin beharko da etorkizunera begira.

Eusko Jaurlaritzak lege bat egingo duela iragarri zuen. Horrek zerbait konponduko al du?

Meskitek gaur egun ere legea betetzen dute. Eusko Jaurlaritzak sua itzaltzeko erabili zuen lege horren sorrera, iritzi publikoa baretzeko. Horrelako lege batek bertoko populazioa lasaitzeko balio badu, ongi etorria izan dadila, baina argi izanda meskitak jartzeko eskubidea dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.