Abiadura Handiko Trena

Lanak eten ditu Mugituk Cadreitan

35 minutuko eserialdia egin dute Erriberako, Lizarrako eta Iruñeko hainbat lagunek, proiektua bazter uzteko eskatuz eta larunbatean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzera deituz. Bideoa: atzoko protesta (Mugitu AHT). [YouTube]http://youtu.be/gimupVdbqeM[/YouTube]

2013ko azaroaren 13a
16:18
Entzun

Ordu erdi luzez bertan behera utzi zituzten atzo AHT abiadura handiko trenaren bidea egiteko lanak Cadreitan (Nafarroa). Mugituk egin zuen protesta: batetik, AHTaren proiektua bertan behera uzteko eskatzeko, eta, bertzetik, datorren astelehenean Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tartak jaurtitzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten taldeko lau kideei elkartasuna adierazteko. Absoluzioa eskatu zuten.

Protesta 16:05 aldera hasi zuten. Erriberako, Lizarrako eta Iruñeko hainbat pertsonak eserialdia egin zuten Cadreitan lanean ari ziren makinen aurrean, eta haien eta materialez betetzen zituzten kamioien jarduera, ondorioz, eten egin zuten. AHTaren kontrako leloak erakutsi zituzten, pankarten bidez.

Eserialdia 16:40 aldera amaitu zen. Foruzaingoa joan zen protesta egiten ari ziren tokira. Eserialdian parte hartu zutenak identifikatu zituzten, eta amaitutzat eman zuen Mugituk ekintza.

Atzokoa protesta "sinbolikoa" izan zela nabarmendu zuten Mugituko kideek, hain zuzen ere. Erriberan egin zuten, han ari baitira AHTko lanak egiten; gainera, Erriberako egoera mahai gainean jartzeko baliatu nahi izan zuten eserialdia. "Langabeziak gehien zigortutako eskualdea da; nekazaritzarako gelditzen diren lurrak porlanez beteko ditu aberatsentzat egin nahi duten trenak", salatu zuten. Proiektua "zentzugabea" dela berretsi zuen Mugituk. "Are gehiago 60 kilometro eskas izanen dituela kontuan hartuta".

AHTak ohiko trena desagertzea ere ekarriko duela erantsi zuten. "Geltokiak desagertu, eta herriak bakartuta geldituko dira", salatu zuten protestan parte hartu zutenek.

Mugituk argi eta garbi du abiadura handiko trena egiteko obrek "interes ilunei" erantzuten dietela. "Politikarien eta enpresa eraikitzaileen arteko harremana agerikoa da oso; enpresariei mesede egiten diete politikariek", erran zuten.

Ez hori bakarrik. Taldeak gogora ekarri zuen atzo, Cadreitan egindako protestaren harira, lanak "legez kanpokoak" direla. "Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak erran zuen obren ingurumen eraginaren adierazpenak jada ez direla indarrean", azaldu zuten Mugituko kideek.

Madrilgo epaileek Sustrai Erakuntza Fundazioak aurkeztu helegitearen harira ebatzi zuten AHTko lanen ingurumen eraginaren adierazpenei buruz. Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren kontra. Oraindik, beraz, epaia ez da behin betikoa. Gaur goizean, hain zuzen ere, agerraldia eginen dute Sustrai Erakuntza Fundazioko arduradunek eta haien abokatuek, behin-behineko neurriak eskatuko dituztela iragartzeko. Behin betiko sententzia ezagutu bitartean, obrak bertan behera uzteko eskatuko dute, zehazki, fundazioko kideek.

Larunbatean, manifestazioa

Atzoko Cadreitako protestak datorren astelehenean Madrilen epaituko dituzten Mugituko lau kideei babesa azaltzeko ere balio izan zuen. Lau kideontzat absoluzioa eskatu zuten, eta salatu zuten tartak jaurtitzeagatik bost eta bederatzi urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu izana haientzat.

"Bidegabekeriatzat" jo zuten zigor eskaera hori, eta epaituko dituzten lau kideei elkartasuna agertzera deitu zituzten herritarrak. Horretarako aukera izanen dute datorren larunbatean, AHT Gelditu Elkarlanak manifestazioa antolatu baitu Iruñean. 17:00etan abiatuko da, Antoniutti parketik.

Hainbat talde ekologistak eta AHTaren aurkako zenbait plataformak sostengua agertu diote deialdiari. Herri mugimenduetako hainbat elkartek eta taldek ere elkartasuna azaldu diete epaituko dituzten Mugituko kideei, eta bat egin dute larunbateko deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.