2013. urtera arte LH Lanbide Heziketak jarraituko dituen gidalerroak onartu ditu Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasle zein langileak etorkizuneko lan merkaturako prestatzeko tresna gisa aurkeztu dute plana. Krisi garaian «ekonomiaren garapenaren motorra» izan behar duela berretsi zuten atzo Lanbide Heziketaren III. Plana sinatu duten kideek, Patxi Lopez EAEko lehendakaria buru zela.
Trebakuntza apala eskatzen duten ogibide asko desagertuko dira datozen urteetan, eta testuinguru horretan LHk garrantzi handia izango duela nabarmendu du Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. «Ikasleei prestakuntza eman behar die LHk, langileei ere laguntza eman behar die beste trebakuntza batzuk lortzeko, eta enpresei, berriz, prestatutako langileak, lehiakorrak izateko».
Esaldi horretan, atzo onartu zen planaren ardatz nagusiak bildu ditu Zelaak. LH garapen ekonomikoaren motor gisa eta lana lortzeko faktore gisa hartu behar dela berretsi du sailburuak. Prestakuntza maila altuko lanpostuak beharko direla aurreratu du, eta LHk ildo horretan aurrera egiteko balioko duela gogorarazi du. Horretarako, eskaintzak lan merkatuak beharko dituen beharrei erantzuteko prest egon beharko du.
LH etengabeko trebakuntzarako ardatza izango dela azaldu du Zelaak, eta horretarako LHk gizarte osoaren beharrei erantzuteko prest egon beharko duela. Hasierako ikasketak, etengabeko trebakuntza eta laneratzeko prestaketa egiteko tresna den heinean, Jaurlaritzako sail hainbatetako baliabideak erabili beharko dituela aurreratu du, «betiere gizartearen beharrei erantzuteko».
Azkenik, plan berria ikastetxe, enpresa, sindikatu eta instituzioen arteko lankidetzarako markoa izango dela aurreratu du, etorkizuneko beharretara egokitu ahal izateko. Patronal, sindikatu, LHko ikastetxe eta instituzioen ordezkariak biltzen dituen kontseiluak oniritzia eman zion testuari, baina ez da indarrean sartuko gobernu bileran berresten duten arte. Azken pauso hori maiatzaren hasieran gertatuko da, ezustekorik ezean.
Titulu eskaintza handiagoa
Titulu eskaintza handiagoa ematea da LHren helburua, lan merkatu berriek eskatuko duten trebakuntza eman ahal izateko. Gaur egun, 26 titulu eskaintzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Planaren garapena egitean, datorren ikasturtean beste 18 titulu eskaintzeko asmoaren berri eman zuen Jaurlaritzak orain hilabete batzuk, eta plan berria guztiz garatzen bada, 125 titulura heltzea da helburua; titulu guztiak Europan homologatu ahal izango dira.
Lanbide Heziketa berritua, lan merkatu berrirako
LHren plan berriak etengabeko trebakuntza eta eragileen arteko harremana lehenestea du helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu