2008. urtetik, krisi ekonomikoarekin batera, Lanbide Heziketako ikasleak gehitu egin dira. Bi urtean 3.500 ikasle gehiago matrikulatu dira bertan, eta 30.000 ikasleren mugatik gertu dago. Horren barruan orduetan malgutasuna eskaintzen duen hezkuntzaren eskariak gora egin duela gogorarazi du Crespok. Internet bidezko Lanbide Heziketak ikastetxean eman beharreko orduak nabarmen jaisten dituela gogorarazi du.
Aste hauetan eztabaidatzen ari diren Lanbide Heziketaren III. Planaren zirriborroaren erronka handienetako bat da Internet bidezko ikasketak sustatzea. Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluak eztabaidatu zuen atzo 2010-2013ko eperako plana. Plan horren gidalerroak, ordea, hamar urteko iraupena izateko eginda daudela gogorarazi du Crespok. Hala, hezkuntza alorreko lankidetzarako Europako esparru estrategikoan ezarritako helburuekin bat egiten du planak, 2020. urtera arteko helburuak zehaztuta.
Titulu eskaintza handiagoa
Planaren xedeetako bat Lanbide Heziketako titulu eskaintza handitzea da. Gaur egun, 26 titulu eskaintzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta datorren ikasturtean beste 18 eskainiko direla iragarri dute. Oraindik eztabaidagai den plan hori ezarri eta garatzen denean 125 titulura heltzea izango dute helburu. Horien barruan gaur egun indarrean dauden arren, oraindik Lanbide Heziketaren ildoan ez dauden tituluak egongo dira, eta guztiak Europan homologatu ahal izango dira.
Europako Batasunaren iragarpenen arabera, prestakuntza baxuko 12 milioi lanpostu desagertuko dira hamar urte baino lehen; ordea, prestakuntza altuko 15,6 milioi lanpostu eta prestakuntza ertaineko 3,7 milioi lanpostu sortuko direla gehitu dute. «Lan munduko ateak itxita dauzten gazteei itxaropena emango die hezkuntza heziketak», nabarmendu du Isabel Zelaak, Hezkuntza sailburu eta Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluko presidenteak.
Atzoko bileran gehienez oinarrizko hezkuntza duten gazteak Lanbide Heziketara erakartzeko moduari buruz eztabaidatu zuten, hori baita Eusko Jaurlaritzaren erronka handienetako bat egungo krisi egoeratik berrindartuta atera ahal izateko.
Ildo horretan aurrera egiteko, Lanbide Heziketako zentroen sarea osatzeko lan egingo dute, eta ikastetxe horien azpiegitura hobetzeko inbertsioa egingo dute. Isabel Zelaak aurreratu duenaren arabera, hiru milioi euro erabiliko dira datorren ikasturtean ikasleen eskura dagoen ekipamendua hobetzeko eta ikastetxeak egokitzeko.