Hezkuntza

Lanbide Heziketako zentro bat ireki dute ikastolek Bilbon, euskara xede duena

Azarotik, informatika, komunikazio, kirol eta jarduera fisikoko goi eta erdi mailako zikloak eskaintzen ditu

Lanbide Heziketa euskaraz eskainiko duen Harrobi zentroa atzo inauguratu zuten ofizialki, baina azarotik dago martxan. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Harrobia Fundazioak Ikastolen Lanbide Heziketarako Harrobia izeneko zentroa inauguratu zuen atzo Bilboko San Frantzisko auzoan. Helburu nagusietako bat hainbat titulazio euskaraz ematea dela adierazi zuen Juan Carlos Gomez fundazioko lehendakariak. «Lanbide Heziketan oso eskaintza urria izan da euskarazko formakuntzan. Baina hizkuntza jendartean normalizatzeko nahitaezko elementua da Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzea».

Euskara xede garrantzitsua bada ere, proiektuak baditu beste zenbait jomuga. Erronka horietako bat da «LH integrala» txertatzea. Horrekin batera, ikastolen eredu parte hartzailea enpresa mundura zabaltzeko borondatea ere badu.

Fundazioa Bizkaiko zazpi ikastolak osatzen dute, eta egun ehun ikasle baino gehiago ditu. Baina urteek aurrera egin ahala kopuru hori handitzea espero dute. Era berean, formazio ez arautuari dagokionez, ikasturte osoan antolatutako ikastaroetan 500 bat pertsonak parte hartzea espero dute.

Zentroak hainbat titulazio eskaintzen ditu: erdi mailako zikloak informatika zein komunikazio arloetan, eta goi mailako zikloak jarduera fisikoan eta kiroletan. Hala ere, datorren ikasturterako eskaintza handitzeko borondatea dute. Arreta zerbitzu sozio-kulturala eta marketin zein merkataritza ikasketak dira aurrera begira dituzten erronkak.

Atzo ireki zuten modu ofizialean LH zentroa. Egitasmoak, ordea, ibilbide luzea izan du. 2006an hasi ziren eraikitzeko obrak. Urteetan egindako lanari esker eta izandako arazoei aurre eginez, azaroan lortu zuten aurreneko ikasturtea martxan jartzea. «Asko kostatu zaigu proiektua aurrera ateratzea, baina pozik gaude», esan zuen Gomezek.

Zentroak 6.400 metro koadroko azalera dauka. Proiektua burutzeko sei milioi euroko inbertsioa egin dute, eta %25 Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu du. Gainerako kopurua, berriz, Harrobia Fundazioa osatzen duten ikastolek jarri dute. Bilboko Udalak, bestalde, ikastetxea dagoen ingurua berreskuratzeko sustapen politikaren barnean, eraikina egin den orubea eskaini zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.