Ekonomia

Lanbideko langile bati suzko arma batez mehatxu egin diotela jakinarazi du LABek

Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzera joan den herritar batek su-arma erakutsi dio langileari, laguntza ez zegokiola jakin duenean. Langileak salaketa jarri du polizia etxean.

Berria.info
2013ko otsailaren 22a
19:39
Entzun

Bilboko Errekalde auzoko Lanbideren bulegoan, bertako langile bati su-arma batez mehatxu egin dio herritar batek gaur goizean. LAB sindikatuak eman du gertatuaren berri, eta elkartasuna adierazi die langileari zein haren lankideei.

Diru sarrerak bermatzeko errenta eskatzer joan da herritar hori, eta Lanbideko langileak jakinarazi dio ez zitzaiola laguntza hori egokitzen.

Momentu horretan, "jaka altxatu" du eskatzaileak, eta su-arma bat erakutsi dio langileari, LABen esanetan. Pertsona horren aurkako salaketa bat jarri du langileak polizia etxean.

Gizarte zerbitzuak ematen dituztenentzat halako gertaerak "gero eta ohikoagoak" direla azaldu du LABek: "Abagune sozio-ekonomiko jasanezinak amildegira bultzatzen ditu pertsonak".

Sindikatuak herritarrei azaldu die Lanbideko langileek ez dutela "inolako erantzukizunik" krisi egoeran. Aldiz, Lanbide ez da gai egoeraren "larritasunari" aurre egiteko, sindikatuaren iritziz.

Lanbiden ari direnen egoera ere larria dela adierazi du LABek. "Gure lankideek arrisku psikosozial larriekin lan egin behar dute, estresa, lan zama ikaragarriak eta ezintasunari aurre eginez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.