Arkaitz Landabereak eta Julen Etxanizek torturak salatu dituzte. Joan den asteartean, goizaldean, joan zitzaizkien guardia zibilak etxera. Landaberea Donostian atxilotu zuten, Intxaurrondon, June Villarrubiarekin batera -bikote dira-; Etxaniz, berriz, Pasai San Pedron. Bost egunez egon ziren guardia zibilen esku, inkomunikatuta, eta larunbatean pasatu ziren Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik. Landaberea eta Etxaniz kartzelatu egin zituen, eta Villarrubia aske utzi.
Ordu arte senideek zein lagunek agertutako susmoa egi bihurtu zen Villarrubia irten zenean. Tortura gogorrak salatu zituen 23 urteko gazteak. Era berean, ofiziozko abokatuak Landaberearentzat eta Etxanizentzat habeas corpus -inkomunikazioa eten eta epaile aurrera eramatea- eskatu zuela jakin zen. Ostirala arte ez zen jakin espetxera bidalitako bi gazteek Guardia Zibilaren esku bizitakoa. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eman zuen horren berri.
Landaberea
Arkaitz Landabereak tratu txar fisiko zein psikologikoak salatu ditu. Eta AAMk dioenez, horren ondorioz guardia zibilek prestatutako deklarazioa berretsi behar izan zuen gazteak. Landabereak kontatutakoaren arabera, ia ito arte jarri zioten poltsa buruan. Ez daki, ordea, zenbat aldiz jarri zioten. Dioenez, atxiloaldiko hainbat une ezabatu egin zaizkio memoriatik, eta ez ditu oroitzen. Buruan eta aurpegian jo zutela dio, eta barrabilak estutu zizkiotela.
Presio psikologikoa ere handia izan zela kontatu du Landabereak. AAMren arabera, haren bikotekidearekin mehatxatzen zuten bitartean, Villarrubiaren oihuak entzuten zituen behin eta berriro. Aitaren kontra joko zutela ere egin zioten mehatxu. "Sekulako" presio psikologikoa egin ziotela salatu du AAMk.
Landabereak dioenez, bestalde, auzitegiko medikuak bisitatu zuen lehen aldian torturatua izaten ari zela kontatu zion. Baina, guardia zibilek mehatxatu egin zutela azaldu du, eta bigarren bisitan ez ziola ezer gehiago esan.
Etxaniz
Madrilerako bidaian bertan hasi ziren tratu txarrak Etxanizentzat. Hark kontatu duenez, bidaia osoan norbait izan zuen bere gainean eserita, eta arnasa hartzeko zailtasun handiekin iritsi zen Madrilera. Gainera, ukalondoa sartu zioten behin eta berriro giltzurrunetan. Begiak estalita, ezer ikusi gabe pasatu zituen inkomunikazioak iraundako orduetarik gehienak, eta Villarrubia eta Landaberearen oihuak entzuten zituen. Landabereak bezala, Etxanizek poltsa buruan jarri ziotela kontatu du, eta zigarroaren kea botatzen ziotela barrura. Poltsa buruan zuela galdekatzen zutela kontatu du gazteak, eta guardia zibilek erantzuna gustuko ez bazuten, are gehiago estutzen ziotela. Presio psikologikoak eta bere hurkoei min egiteko mehatxuak egin zizkiotela kontatu du, halaber. Etxanizen bikotekidea ere, Saioa Urbistazu, egon zen atxilotua bi egunez, eta hura espetxeratuko zutela esaten zioten, beraiek nahi zutena deklaratzen ez bazuen.
Etxanizek peronea hautsita du, eta ebakuntzaren zain dago. Gazteak kontatu duenez, etengabe behartu zuten flexioak egitera eta zutik egotera. Hala, lesioak okerrera egin zuen, eta ospitalera eraman behar izan dute.
Bi gazteek ez zuten bost egunetan elkar ikusi, ezta epaile aurrera igarotzerakoan ere, baina puntu batean bien lekukotzek bat egiten dute. Landabereak dioenez, elektrodoak jartzearekin mehatxatu zuten, eta une batean, argia joan zelarik, mozketa elektrodoak piztearen ondorio zela esan zioten guardia zibilek. Etxanizi, berriz, mozketa Landabereari ezarritako elektrodoen ondorio zela esan zioten.
Atxiloketak
Landabereak eta Etxanizek torturak salatu dituzte
Kartzelara sartu dituzte. Julen Etxanizek peronea hautsita du, eta jasandako tratuagatik ospitalera eraman behar izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu