Parekidetasuna

Landaidak nabarmendu du genero indarkeriaren arretan ez dela egongo atzerapausorik

Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzak zituen funtzio eta zerbitzuak egungo gobernuan txertatzeko lanean ari da Emakunde; ordura arte, zerbitzuak eta funtzioak bere horretan mantenduko ditu.

2013ko apirilaren 10a
12:59
Entzun

Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza desagertu arren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bere horretan mantenduko ditu zuzendaritza horrek eskaintzen zituen zerbitzuak, baita funtzioak ere.

Zerbitzu eta funtzio horiek Eusko Jaurlaritza berrian txertatzeko modua aztertzen ari den lantaldea sortu duela aurreratu du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak gaur, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian.

Betiere, biktimen arreta "integralaren eta koordinatuaren" bidean lan egiten jarraitu eta hori indartuko duela azaldu du, “ibilitako bidean atzera egin gabe”.

Lantalde horretan Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren lana ebaluatuko dute, eta zuzendaritza sortu aurretik arreta emateko modua aztertuko, horren arabera etorkizunera begirako lan ildoa zehazteko.

Emakundek lan ildo horiek zehazten dituen unean proposamen bat aurkeztuko du, eta "adostasun zabala" lortzen saiatuko da bertan parte hartzen duten eragileekin. Genero indarkeriaren biktimen arreta hobetzeko Instituzio Arteko Akordioaren Jarraipen Batzordearen oniritzia bereganatzen ere saiatuko da.

Bestetik, emakumeen kontrako indarkeriaren alorrean lan egiteko, legegintzaldi honetan sexu jazarpena prebenitzeko protokoloa hedatzeko asmoa duela jakinarazi du Landaidak; salaketak kudeatuko dituzten aholkularitzen formakuntza ere sustatuko duela esan du.

Azkar antzematea lehentasuntzat jo du Landaidak, eta hainbat sektoretan lan egiten jarraitzeko asmoa nabarmendu du.

Berditasunerako plana prestatzen

Izaskun Landaidak iragarri du Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako VI. Planean lan egiten ari dela Emakunde, non EAEko erakunde publikoek berdintasunaren alorrean jarraitu beharko dituzten lan ildoak zehaztuko baitituzte. Urtea bukatu aurretik plana prest egon daitekeela esan du.

Plan horren bitartez Emakundek legegintzaldirako dituen bi helburu nagusietako bat bideratuko du: administrazioek euren politiketan genero ikuspegia txertatzeko ahalmena eta hobekuntza sustatzea, hain zuzen ere.

Horrez gain, emakumeen eskubideen defentsan gizartearen sentiberatzea eta balio aldaketan lan egitearen aldeko jarduerak egingo dituela iragarri du Landaidak, eta diskriminazio egoeran dauden emakumeei arreta eskaintzeko ekintza positiborako tresnak sortuko eta sustatuko direla gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.