Lander Fernandez euskal presoaren estradizioa gelditzearen aldeko atxikimenduak bildu dituzte Italian

2013ko urtarrilaren 4a
12:55
Entzun

Lander Fernandez euskal presoaren estradizio eskaeraren inguruko erabakia urtarrilaren 8an hartuko du Erromako auzitegiak. Sei hilabete baino gehiago daramatza Fernandezek etxean preso.

Leporatzen dizkioten karguen jatorria “nazioartean ikertutako tortura kasu batean” oinarrituta dagoela, eta hori estradizioaren aurka agertzeko “beste arrazoi bat” dela argudiatuta, Italiako hogei bat senatari eta legelarik presoaren aurkako Espainiaratze prozesua salatu eta gelditzeko eskatu diote Paola Severino Italiako Justizia ministroari.

Gainera, bilbotarra Espainiaratzekotan Auzitegi Nazionalean epaituko luketela gogorarazi dute, eta “Europako ordenamendu juridikoan salbuespenezkoa da instituzio hori“, haien esanetan. Sinatzaileen artean hainbat alderditako senatariak eta Giuristi Democratici, A Buon Diritto eta Antigone elkarteetako abokatu eta legelariak daude.

Autobus bat erre izana leporatzen diote

2002an gertatutako kale eraso batean parte hartzea egozten diote Fernandezi. Zehazki, autobus bat erre izana. Eskaeraren sinatzaileek diote, ordea, Italiako legediaren arabera delitua preskribatua egongo litzatekeela eta, hortaz, ez legokeela estradizioa gauzatzeko arrazoirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.