Ismael Moreno epaileak itxi egin zuen Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren auzia martxoan. Familiak baina, auzia ez ixteko eta diligentzia berriak irekitzeko eskatu zuen, eta halaxe egiteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Moreno epaileari agindu dio Frantziari eskatzeko arakatu ditzala Landetako inguru hartako beste lur batzuk. Izan ere, iaz ere saiatu ziren Naparraren gorpua topatzen Landetan, baina ez zuten aurkitu.
Gorpua beste toki batean bilatzeko ez ezik, ustezko CESIDeko kide ohi bati elkarrizketa egiteko ere eskatu dio Auzitegiak Ismael Morenori. Izan ere, haren pixtarekin iritsi ziren Naparra Landetan egon daitekeen ondoriora, alegia, hark Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazioari tiraka. CESIDeko ustezko kide hura bilatzen saiatu zela esan zuen lehen ere epaileak, baina bilaketa sakonagoa egin daitekeela dio Auzitegiak orain.
1980ko ekainaren 11tik, ez dago Naparraren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen, eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun (Lapurdi); ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa.