Lanean hil ziren 30 behargin geratu dira iazko estatistika ofizialetatik at

Lan Sailak ezbeharrak zenbatzeko beste sistema bat hitzartzeko asmoa du patronal eta sindikatuekin

Ivan Santamaria.
2008ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Laneko ezbeharren ondorioz hildako pertsonen zenbaki ofizialaren eta errealaren arteko aldea eztabaida iturri etengabea da sindikatuen eta Administrazioaren artean. Atzo, lehen aldiz, Lan Sailak estatistika ofizialetik kanpo geratzen diren istripu horien berri eman zuen. Paperetan ez dira agertuko iaz kontingentzia profesionalak estalita ez zeuzkaten 22 autonomo, ezta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanean aritu arren egoitza soziala beste lurralderen batean zuten beste zortzi langile ere.

Joan den urtean 56 langile hil ziren lan istripuz, Osalanek emandako datu ofizialen arabera. Errealitatean, ordea, 80 heriotza jazo ziren gutxienez Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Autonomoak eta kanpoko enpresetan ari ziren langileak gehituta eta EAEko konpainientzat lanean ari ziren baina kanpoan hil ziren langileak kenduta ateratzen den zenbakia da.

Sindikatu gehienek euren zenbaketa egiten dute. LABen arabera, 117 heriotza izan ziren Euskal Herria osoan, 88 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. ELAk 106 hildako zenbatu ditu Hegoaldean. UGTk, azkenik, EAEn 92 heriotza gertatu zirela adierazi zuen duela gutxi egindako agerraldian.

Laneko istripuen definizioak zerikusi zuzena du langileari eskaini behar zaion arretarekin. Hori dela eta, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak arautzen duen gaia da. Estatistikek, ondorioz, legearen irizpideei jarraitzen diete, eta lanean gertatutako ezbehar guztiak ez dira definizio horietan sartzen. Edonola ere, Osalanek beti esku hartzen duela nabarmendu du Natxo Murgia zuzendariak. «Estatistika ofizialetan agertu edo ez, istripu guztiez arduratzen gara». Gainera, istripu mota guztien berri ematen diete gizarte eragileei.

Lan Saila «kezkaturik» dago ezbeharren benetako kopuru eta izaerari buruz dauden desadostasunekin. Hori dela eta, datuak bildu eta emateko beste sistema bat diseinatzeko prest daude, sindikatuekin eta enpresaburuekin elkarlanean. «2007-2010 Plan Estrategikoak hori sortzea aurreikusten du, behingoz zenbaki dantza tamalgarri hau amaitzeko», Murgiaren hitzetan. Estatistika ofizialen parean ikuspegi globalagoa eskainiko luke eredu horrek.



ISTRIPU GUTXIAGO IAZ. Laneko ezbeharrei buruzko informazio estatistikoaren eztabaidatik aparte, oro har 2007an «beheranzko joerari» eutsi zaiola nabarmendu zuen Joseba Azkarraga Lan sailburuak. Lanpostuan ia %6 istripu gutxiago jazo ziren, esaterako. Dena den, oraindik ere kopuru «esanguratsuak» direla ohartarazi du Lan Sailak. Egun bakoitzeko gaixo agiria behar izaten duten 120 istripu gertatzen dira lantokie-tan.

Departamenduak garrantzi berezia ematen dio eragin tasari, mila langileko gertatzen den istripu kopuruari. Aldagai horretan ere hobetu dira datuak: 2006an mila langileko 61,54 istripu gertatu ziren, eta iaz, 56,38. Helburua kopuru hori 50 istripura mugatzea da 2010. urterako.

Herrialde guztietan gutxitu dira ezbeharrak. Jaitsierarik adierazgarriena (%7,47) Bizkaian gertatu zen. Gipuzkoan %5,07 gutxiago izan ziren, eta Araban, azkenik, %3,51. Heriotza eragin duten istripuen kasuan, daturik onena in itinere istripuena da. Soilik bost izan ziren iaz, azken zazpi urteetako zenbatekorik txikiena. Lanpostuan gertatutakoetan, ordea, ia ez da aldaketarik izan, ezbehar bat gutxiago baino ez, betiere estatistika ofizialei jarraituz. «Hobekuntza egon da, baina onartu behar da oso apala izan dela», azaldu zuen Azkarragak.

Laneko Segurtasun eta Osasun Plana garatzeko, hamazazpi lan talde eratu dira gizarte eragileen parte-hartzearekin.



«Istripuen inguruko zenbaki dantza tamalgarria behingoz amaitzeko, beste sistema bat sortu behar dugu»

«Estatistika ofizialetan agertu edo ez, gertatzen diren ezbehar guztiez arduratzen gara»

natxo murgia
osalaneko zuzendaria




1.014 zigor eskaera egin dira, eta 3,6 milioiren isunak ezarri

Prebentzioaren aldeko politikan ikuskaritzak eta kontrolak duten garrantzia azpimarratu zuten Lan Saileko ordezkariek. Joan den urtean, guztira, legea urratzeagatik 1.014 zigor eskaera egin zituen Lan Ikuskaritzak. Ondoren, Lan Agintaritzak, Jaurlaritzaren eskuetan dagoen organoak, horietatik %95 berretsi zituen. Isun horiek 3,6 milioi euroren balioa zuten. Onartu ez zen %5 horretan 70.000 euroko eskaerak zeuden. «Ez dakit bidezkoa den esatea Administrazioak prebentzioaz ez dela arduratzen hori ikusi ondoren», nabarmendu zuen Lan sailburuorde Juan Jose Loroñok.

Lan Ikuskaritzaren eskumena Espainiako Gobernuaren eskuetan jarraitzen duen arren, zenbait erabaki hartu ditu Jaurlaritzak kontrol neurriak areagotzeko. Hala, joan den urtarrilaren 29ko Gobernu Kontseiluak onartu zuen, azkenik, eskuduntzak dituen alorretarako ikuskaritza propioa, bost ikuskatzailerekin. Bitartean, aurten beste hamabi teknikari gaituko dituzte ikuskatzaile izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.