Lanean sexu jazarpena jasaten dutenei telefono bidez egingo diete kasu

Eusko Jaurlaritzak jarri du zerbitzua martxan, genero indarkeriaren biktimen telefonoaren bidez: 900-84 01 11

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Lanean sexu jazarpena jasaten dutenei telefono bidez emango diete zerbitzua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Genero indarkeriaren biktimei laguntzeko Eusko Jaurlaritzak daukan telefonoan egingo diete kasu, 24 orduz. Honako hau da zenbakia: 900-84 01 11. Herrizaingo Sailak adierazi du «naturalizatuta eta ikusezin» egon izan dela jazarpen klase hori. Zerbitzua ezagutzera emateko, 25.000 gida banatuko dituzte.

«Agerian jarri eta bideratu» egin nahi dituzte lanean sexu jazarpena jasaten dutenen kasuak. Horretarako, gidetan adierazi dute nola gertatzen diren erasoak, zer egin dezaketen horiek pairatzen dituzten andreek, eta nora jo dezaketen laguntza eske.

Ezjakintasuna handia dela deritzo Eusko Jaurlaritzak, eta ezinbesteko dela jazarritako emakumeei zerbitzu egitea. «Biktimek eta haren hurbilekoenek maiz ez duten jakiten zer egin». Doako telefono zerbitzua da genero indarkeriarena. Eguneko 24 orduetan egoten da eskuragarri, eta isilpean gordetzen du auzia.

Andre bati eraso diote Bilbon

Zaurituta, osasun etxe batera joan behar izan zuen herenegun andre batek Bilbon. Bikotekideak eraso zion, ustez. Herrizaingo Sailak azaldu du hitzordu bat egina zutela ustezko erasotzaileak eta biktimak, eta oldartu egin zela gizona. Ezkaratz batera eraman zuen emakumea, eta horma baten kontra botata eraso zion.

Ihes egitea lortu zuen andreak, eta, zaurituta nola baitzegoen, osasun etxe batera joan zen. Ertzaintzarenean salaketa jarri, eta igande gauean aurkitu zuten ustezko erasotzailea, 34 urteko gizon bat. Genero indarkeria egotzita hartu zuten atxilo. Epailearen aurrera eraman zuten atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.