gizartea

Lanetan amiantoa antzemateko sistema bat proposatu die Osalanek udalei

Eraberritzeko eta birgaitzeko eraikuntza lanetan ezarriko lukete sistema. Jaurlaritzak aitortu du oraindik ere arriskua hor dagoela.

2012ko otsailaren 22a
15:38
Entzun

Osalan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko erakundeak gaur amiantoari buruz aurkeztutako txostenean, besteak beste, lanetan hura antzemateko sistema bat ezartzeko proposatu die Euskal Autonomia Erkidegoko udalei. Eraberritzeko eta birgaitzeko eraikuntza lanak —pribatuak zein udalenak— egiteko lizentziak eskatzen direnean lan horietan amiantoa dagoen ala ez jakiteko litzateke sistema.

Osalan prestu azaldu da udal teknikariei prestakuntza emateko.

Urte askoan amiantoaren arriskuak ezkutuan egon dira substantzia horrekin kontaktuan lan egiten zuten langileentzat. Amiantoa, bere ezaugarri fisiko eta kimikoengatik, eta daukan ekoizpen-kostu merkeagatik, asko erabili zen euskal industriaren arloan eta eraikuntzan joan den mendearen erdialdetik 2001era arte. Uurte horretan hasi zen  ezartzen Espainiako Estatuan amiantoa erabili, ekoiztu eta saltzeko debekua.

"Arriskua publikoki ez onartzeak zigor gehigarria ekarri die substantziak eragindako biktimei, langileei eta beraien familiei", esan du Sonia Perez Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan sailburuordeak.

Euskal Herrian amiantoa duten produktu asko geratzen dira oraindik. "Horrek lasaitzra galarazten digu, eta estatuan eta Europan dauden arautegiak zorroztasunez betetzera bultzatzen gaitu", azpimarratu du Sonia Perezek.

LAB eta Asviamieren elkarretaratzea Bilbon

LAB sindikatuak eta amiantoaren biktimen euskal elkarte Asviamiek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, EHUn amiantoari buruz egindako jardunaldietan. Arazoa oraindik ere badela eta "egia ezkutatu" egiten dela salatu dute, eta "amiantoa hiltzaile isila" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.