Sinatu dute akordioa. Espainiako Lan Ministerioko ordezkariek eta langile autonomoen ATA eta UPTA elkarteek atzo jarri zioten baiezkoaren sinadura Langile Autonomoen Estatutuari, hilabete luzetako negoziazio eta eztabaidei bukaera emanez.
Urteetan autonomoek egindako eskari nagusiak bete egin dira estatutu horrekin. Hala, Hego Euskal Herrian egun dauden 222.948 langile autonomoek (kotizatzen duten bost langiletik bat autonomoa da, gutxi gorabehera)gainerako langileen gizarte babes bera izango dute: langabezia saria jasoko dute, eta gaixoaldian daudenean Gizarte Segurantzatik kobratu ahal izango dute.
Langabezia saria jasotzeko 20 eta 24 euro bitartean ordaindu beharko ditu langile autonomoak. Kuota hori ordainduta, lau hilabeteetan izango du langabezia kobratzeko aukera. Oinarrizko erregulatzailearen %75 jasoko dute sari gisa, eta gutxi gorabehera gutxieneko soldataren adinako kopurua kobratuko dute, 600 euroren bueltan.
Gizarte babesari dagokionez, berriz, gaixotasun profesionala edo arrunta denean, edo istripu bat gertatzen denean, lanekoa izan edo ez, osasun laguntza jasotzeko eskubidea izango dute langile autonomoek, baita amatasunagatik ere. Haurdunaldian arriskua dagoen kasuetan, lanerako ezintasun iraunkorra edo iragankorra denean, haurrak zaindu beharra dagoenean, eta heriotza edo erretiro kasuetan ere ordain bat jasotzeko aukera izango dute hemendik aurrera langileek.
MENDEKO AUTONOMOAK.Estatutu berriak mendeko autonomoen edo sasi-autonomoen egoera ere arautzen du, gainera. Langile hauek era koordinatuan eta jarraituan bezero bakar batentzat lan egiten duten beharginak dira, besteak beste,agente komertzialak. Langile hauei hitzarmen kolektiboen antzerako akordioak ezartzearen alde egiten du Autonomoen estatutuak, eta besteak beste ondorengo eskubideak onartzen dizkiete: lana bukatzen bada ordainsaria jasotzeko eskubidea, 15 eguneko oporraldia, enpresarekin akordio profesionalak, lanerako materiala eta erretiroa, betiere hitzarmen kolektiboen gisa negoziatu beharko dira eskubideok.
Langile autonomoen eskubide eta betebeharren zerrenda batek osatzen du atzo sinatutako testua. Oinarrizko eskubide profesionalen zerrenda diskriminaturik ez izateko aitortzatik abiatzen da, eta gero beste hainbat eskubide onartzen zaizkie langile autonomoei: hala nola lana eta lanbidea aukeratzekoa, lehia askerakoa, lana eta familia bateratzekoa eta jabego intelektualekoa. Betebeharren artean, berriz, eginbehar orokorrak jasotzen ditu,tartean kontratuak betetzekoa, laneko segurtasun eta osasun neurriak gordetzekoa eta Gizarte Segurtasunean afiliatu eta kotizatzearena.
Estatutuaatzo sinatu ostean, Espainiako ministroen kontseiluaren onespena beharko du orain, eta ondoren Madrilgo legebiltzarretik pasatuko da,bertako ordezkarien baiezkoaren bila. Dagoeneko talde guztiek eman diote araudiari oniritzia, eta beraz, ez da arazorik espero. Bide guztia datorren urteko udaberrian bukatzea aurreikusi dute,eta beraz, orduan sartuko da indarrean.
ATA eta UPTA langile autonomoen elkarteak gustura agertu ziren akordioa sinatu ostean. «Autonomoen lana zaindu eta sustatzeko balioko du» Lorenzo Amor ATAko lehendakariaren hitzetan.
Bestela uste dute, ordea CEAT eta Anespa elkarteek. CEAT patronalaren menpeko elkarte bat da, eta euren ustez, legedi berriak «ez du konpainien segurtasun juridikoa bermatzen». Izan ere, Estatutu berriaren arabera,autonomoen arteko liskarrak epaitegi sozialak epaituko ditu. Bide hori orain artekoa baino azkarragoa eta merkeagoa da, eta ondorioz, CEATek uste du langileek errazago joko dutela epaitegietara.
Anespak bestelako kritikak egin zituen atzo. Estatutua berez onartzen duela esan zuten elkarte horretako kideek, baina atzoko sinadura ekitaldian ATA eta UPTA elkarteko kideak soilik egotea ez zaie egokia iruditu: «Bi elkarte horiek ez dituzte autonomo guztiak ordezkatzen, gehiago gara».
Langabezia saria eta gizarte babesa izango dute langile autonomoek udaberritik
Gainerako langileen eskubide eta betebehar bertsuak izango dituzte Estatutu berriari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu