Langabezia tasa %8,47ra igo da Hegoaldean

Erredakzioa
2008ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Langabetu kopurua igo egin da berriro ere Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan: otsailean urtarrilean baino 2.753 langabetu gehiago zenbatu ditu INEMek.Guztira 107.911 pertsona daude lanik gabe lau lurralde horietan, eta ondorioz, langabezia tasa %8,47raino igo da.

Azken urtebetean izandako daturik «txarrenak» dira, LAB sindikatuaren arabera, eta Nafarroako datuak «bereziki okerrak» direla nabarmendu du. Izan ere, lurralde horretan 827 lagunek galdu zuen lana iragan hilean, eta langabezia tasa %7,8tik %8,46raino igo da.

Halere, Bizkaia da langabezia tasa handiena duen lurraldea. %9,04ra iritsi da otsailean, 1.246 bizkaitarrek lana galdu ostean. Araban %7,81ean gelditu da tasa, eta Gipuzkoan %7,52an.

Zerbitzuen sektorean galdu dira lanpostu gehien: sektore horretan lan egiten zuten 1.942 lagunek eman zuen izena INEMen.

Beste behin ere emakumeak eta gazteak izan dira «langabeziaren biktima nagusiak». Bat etorri dira balorazio hori egiteko orduan LAB eta CCOO sindikatuak. Emakumeen langabezia %3 igo dela nabarmendu du LABek, eta langabezian dagoen gehiengoa emakumea dela aitatu du (%59,5a). Lanean ari diren emakumeen lan baldintzak ere gizonezkoenak baino okerragoak direla salatu du, berriz, CCOOk, gizonezkoek baino %25 gutxiago irabazten dutela gogoraraziz.

Gazteen datuak «ere ez dira askoz hobeak», LABen arabera. 25 urtez azpikoen langabezia %6 handitu dela eta, «kezkatzeko arrazoi ugari» daudela adierazi du.

Langabeziak gora egiteaz gain, egin diren kontratuen gehiengoa aldi baterakoa izan dela ere salatu dute sindikatuek. Gisa horretako kontratuak %8 ugaritu dira otsailean Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.