Andres Zearreta Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak gaur goizean adierazi du martxoan langabezia igo izana "ustekabekoa" izan dela, baita "oso kezkagarria" ere. Horregatik, egungo egoera "zailari" aurre egiteko guztien laguntza eskatu du.
Zearretak gogorarazi du Aste Santuan lana sortu ohi dela, eta uste du beharrezkoa dela gogoeta egitea, jakiteko aurreko urteetan zergatik sortu den enplegua eta aurten ez.
LABen ustetan, azken lan erreformek "erraztu eta merkatu" egin dute kaleratzea, eta horrek "mesede" egin dio enplegua suntsitzeari. Salatu du pentsioen erreforma erretiroa atzeratzeko tresna izateaz gain, gazteak lan munduan sartzeko "oztopoa" ere badela.
Aralarrek "sakoneko aldaketak" eskatu ditu langabeziaren "arazo larriari" aurre egiteko. Langabeziaren datuak “bereziki kezkagarriak” direla uste du alderdiak.
"Bizi dugun krisi ekonomiko eta soziala gainditzeko, beharrezkoa da enpleguaren sorrera gizarte zerbitzuak indartzearen bidetik egitea, era horretara helburu bikoitza lortuko delako: enplegua berriak sortzea eta krisiaren ondoriorik larrienak pairatzen ari diren pertsonak artatzea". adierazi du.