Langile bat hil da Bilbon, Zorrozaurreko IMQko klinikaren eraikuntza lanetan ari zela. Lekukoen arabera, langileari palet bat erori zaio gainera garabi batetik, 15 metroko altueratik, bataz beste.
Hildakoak 45 urte zituen eta Bilbotarra zen, kolpearen ondorioz momentuan bertan hil da.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez ezbeharra 16:20ak aldera gertatu da eta gertakaria nola jazo den argitzeko ikerketa abiarazi dela azaldu du.
Herenegun beste pertsona bat hil zen Mugerren palet meta batek azpian harrapatuta.
Sei hildako denbora laburrean
Opor sasoia izanda ere, hainbat lan istripu izan dira azken egunotan Euskal Herrian. Mugerrekoa egun gutxian hildako bosgarrena izan zen. Uztailaren 29an Zumarragako (Gipuzkoa) ArcelorMittal enpresan gertatu zen ezbeharra. V.G.S. izeneko langile hil zen. Azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan. Hurrengo egunean, Iruritako (Nafarroa) nekazari bat hil zen.
Hirugarren langilea Donostian zendu zen, 50 urteko D.A. gizonezkoa. San Luis La Salle ikastetxeko fatxada konpontzen ari zela, bost metrotik behera erori zen. Beirazko zuntz panelez osatutako eremu baten gainean zebilen, 25 kiloko porlan zaku batekin. Panel horiek ez zuten pisu hori jasaterik izan, eta jausi egin zen. Obrak ez zituela betetzen gutxieneko segurtasun baldintzak esan zuen Jaurlaritzak, obrak hasi zituztela ere ez zuen jakinarazi enpresak.
Atzo aurreko ezbeharra abuztuaren zortzian gertatu zen. Garraiolari bat hil zen Zarautzen. Gidatzen ari zen kamioia aurkako noranzko errepidera igaro zen, tarteko hesia hautsita. Ondoren, trenbidera amildu zen Meagako tunel parean, argitzeke dauden arrazoiengatik.
Aurten 36 dira guztira Euskal Herrian lan istripuetan hildakoak.