Lan istripua

Langile bat hil da eta beste lau zauritu dira Elorrioko enpresa batean izandako leherketan

22 urteko gizonezkoa da hildakoa. Bi behargin larri daude erredurengatik. Leunketa lantokian bi elektrikari teilatuan ari ziren beharrean, eta txispa bat magnesio hautsaren gainera erortzean gertatu da eztanda.

2007ko azaroaren 14a
16:43
Entzun
Elorrioko (Bizkaia) enpresa batean leherketa gertatu da gaur goizean eta, horren ondorioz, behargin bat hil egin da erredurengatik. Beste lau langile zauritu egin dira -haiek ere erredurengatik-. Haietako bi larri daudela esan dute medikuek.

Betsaide kalean gertatu da ezbeharra, Leunketan enpresan, 10:25ean. Bi elektrikari teilatuan ari ziren beharrean, eta txispa bat magnesio hautsaren gainera erortzean gertatu da eztanda. Hil den langilea elektrikarietako bat da, 22 urteko gizonezkoa -T.O.E.-. Oso-oso larri eraman dute Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia) ospitalera, gorputzaren %95 erreta zuelako.

Larri dauden bi beharginak Gurutzetako erietxera eraman dituzte. Gorputzaren %40 erreta du haietako batek, 31 urteko gizonezkoak -J.A.B.S.-. Larri dagoen besteak -A.D.M., 48 urteko gizonezkoa-, %60 du erreta. Beste langile bat -U.D.U., 23 urteko gizonezkoa-, Galdakaokora (Bizkaia) eraman dute, eskuan erredurak dituela-eta. AM.S.G., 36 urteko gizonezkoa, Elorrioko osasun zentroan bertan artatu dute; zauri arinak ditu.

Suhiltzaileek ordu eta erdi behar izan dute sutea itzaltzeko. Hondarra bota behar izan dute suaren gainera, magnesio hautsari ura ez botatzearren, oso arriskutsua litzatekeelako hori.

LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuan hil den 106. langilea da gaurkoa. Iaz 129 hil ziren hala, LABek dioenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.