Lan istripua

Langile bat hil da Lukun, AHT egiteko lanetan

Gizonezkoa da hildakoa. Abiadura Handiko Trena Arabatik pasatzeko lanetako lehen eremua da hangoa. LABen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den 50. behargina da. Osalanek "ezegoki" iritzi dio ezbeharraren unean erabiltzen ari ziren lan prozedurari.

2008ko uztailaren 14a
18:40
Entzun
Gizonezko langile bat hil da gaur goizean Lukun (Araba), Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko lanetan. 9:10ean izan da ezbeharra. Metal plaka handi batek azpian harrapatu du, eta orduantxe zendu da. Garabi bat behar izan dute plaka kentzeko eta gorpua ateratzeko.

51 urte zituen hildakoak, eta Errumaniakoa zen sortzez. Mecanotubo Bartzelonako enpresarentzat egiten zuen behar; enpresak egoitza du Araban.

Gasteiztik hamar bat kilometrora dago Luku, eta Araban AHTko zatia egiteko lanen lehen eremua da hangoa. Juan Luis España CCOO sindikatuko eraikuntzako Arabako arduradunak kezka agertu du, herrialdeko obrak hasi eta segituan gertatu delako aurreneko heriotza.

LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den 50. behargina da gaurkoa.

Jaurlaritzaren "neurriak"

Nuria Lopez de Gereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Lan Publikoen sailburuak azaldu du AHT egiteko lanetan "segurtasun neurri denak" hartzen ari direla. Gaurko heriotza tamalgarria dela esan du, bide batez.

Aitzitik, ez du iritzi bera azaldu Osalan erakundeak (Lan Segurtasun eta Osasunerako Euskal Institutua), istripuaz egin duen behin-behineko txostenean. Haren esanetan, langilea hil denean obretan erabiltzen ari ziren lan prozedura "ezegokia" izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.