J.E.B.S. Masa Norte enpresako langilea hil da gaur goizean, Petronorren Muskizko findegian (Bizkaia). «Berezko heriotza» izan zela esan die enpresako zuzendaritzak langileen batzordeei. Aurten Euskal Herrian lan istripuan hildako 34. langilea da, LABen zenbaketaren arabera. Langilea Petronorrek azpikontratatuta ari zen lanean, findegiaren geratze lanetan. Enpresako zuzendaritzak langileen batzordeei esan dienez, langilea ondoezik sentitu da eta lurrera erori da. Enpresako osasun zerbitzuek artatu dute aurrena, eta Osakidetzaren anbulantzia bateko langileek gero, enpresan bertan. Hil egin da. «Berezko heriotza» izan da, enpresaren esanetan.
Petronorreko enpresa batzordeek premiazko bilerak egin dituzte, lan istripuaren aurrean zer egin erabakitzeko: alde batetik, egun bateko lanuztea egingo dute, biharko 08:00etan hasita, familiari elkartasuna eta dolua adierazteko; bestetik, batzar bat egingo dute 08:00etan bertan, aldageletan. Batzarrean parte hartzeko eskatu diete Petronorren langileei eta azpikontratatutakoei.
42 eguneko geldialdia
Petronorrek 42 eguneko geldialdia abiatu zuen urriaren 4an. Geldialdiaren helburua unitate gehienak ikuskatzea eta zenbait hobekuntza egitea da, kutsadura gutxitzeko eta eraginkortasun energetikoa eta segurtasuna hobetzeko. Karbono dioxido isuriak gutxitzea da helburu nagusietako bat. Lan horien ondorioz findegiaren zenbait jarduera erabat eten dituzte. Enpresak 39 milioi euro inbertituko ditu geldialdian hartu beharreko neurrietan, eta bi mila langile baino gehiago ari dira lanean, bai enpresakoak (1.500), bai Petronorrek geldialdirako azpikontratatutakoak (30 enpresatako 800 langile).
Petronorren hildakoa aurten Euskal Herrian hildako 34. langilea da, urrian hildako bigarrena. Iragan asteazkenean langile bat hil zen Getariako (Gipuzkoa) txakolindegi batean, mahatsa biltzen ari zela, traktorea irauli eta azpian harrapatuta. Langilea gidatzen ari zen traktorea lubete baten behera erori eta irauli egin zen. Biktimaren anaiak bertatik bertara ikusi zuen istripua, eta berehala eman zien abisua beste lankideei. Traktorera iritsi zenerako berandu zen langilearen bizia salbatzeko. Biktima 37 urteko gizonezkoa zen, sortzez Errumaniakoa.