Langile publikoei Gabonetako lansaria ordaintzea onartu du Nafarroako Parlamentuak

PSNk, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak bozkatu dute soldata pagatzearen alde, eta UPNk eta PPNk kontra. 2013ko aurrekontuko diru sail bat aurreratu eta Gabonetako lansariaren diru kopuru bera "osagarri" gisara ordaintzea ebatzi du parlamentuak.

2012ko abenduaren 11
13:06
Entzun

Presidentetza, Justizia eta Barne batzordeak onartu du soldata ordaintzeko neurria. Erosteko ahalmena galdu izanagatik "osagarri" bat ordainduko dute, uztailean jasotako aparteko lansariaren kopuru berekoa. 2013ko aurrekontuetatik aurreratuko dute dirua.

UPNk aurka bozkatu du, eta alderdiko ordezkari Javier Caballerok esan du langile publikoei "segurtasun juridikoa emateko aukera" galdu dela. Madrilek Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko balu, Nafarroako langile publikoak "posizio txarrean" geratuko liratekeela argudiatu du. Mariano Raxoiren gobernuak Gabonetako lansaria ez ordaintzeko egindako neurria "argia" dela eta hura ez betetzea "iruzurra" dela gaineratu du.

PSNko parlamentari Roberto Jimenezek, berriz, ihardetsi dio parlamentuak ez diela langile publikoei soldata kendu, ezta haiek arriskuan jarri ere. Gabonetako lansaria eskubide bat dela oroitarazi du. Victor Rubiok (Bildu) azaldu du Nafarroako Gobernuak aukera bat galdu duela herrialde horretako langileen eta Nafarroako "berezko estatusaren" defentsa egiteko, eta ohartarazi du Gabonetakoa soldataren hamalau zatietako bat gehiago dela.

Langile publikoek soldata "osoa" jasotzeko eskubidea dutela defendatu du Patxi Zabaletak (NaBai) ere. "Lehentasunezko betebehar bat dugu langile publikoekin, guri baitagokigu administratzea". Azaldu du alor horretan eskumena duela Nafarroak, eta gauzatu egin behar duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.