Langile publikoen lanaldia urtean 1.614 ordura handitzea onartu du gaur goizean Eusko Jaurlaritzak, gobernu kontseiluan. Ondoren hedabideen aurrean eginiko agerraldian, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak aurkeztu baino lehen ezarriko duela neurri hori, aurrekontuan aintzat hartu beharko baititu lanaldiarekin zerikusia duten faktore ekonomiko guztiak.
Erkorekak adierazi du lanaldiak handitzeak ez duela eraginik izango txandaka lan egiten ez duten alorretan, baina aitortu du "albo kalteak" eragingo dituela txandaka dihardutenetan. Osakidetza eta Segurtasun Saila aipatu ditu adibide gisara. Nabarmendu du lantaldeak ez direla aldatuko eta "lanpostu denak" mantenduko dituztela, baina "behin-behinean" lanean ari direnei eragingo die langile publiko guztien lanaldia handitzeak.
Lehendakaritzaren kanpoaldean protestak egin dituzte ELAk eta LABek, langile publikoei lan ordu gehiago ezartzea salatzeko. Kritikatu dute dekretuz hartuko duela Jaurlaritzak erabaki hori.
Maite Iturberen hautagaitza
EITBko zuzendari izateko Eusko Jaurlaritzak Maite Iturberen hautagaitza aurkeztuko duela ere adierazi du Erkorekak. Nabarmendu du Iturbek "eskarmentua" duela eta 29 urtez ari dela kate publikoan lanean. Gainera, azaldu du posible izan dela alderdien artean akordio bat egitea —PSE-EErekin adostu du EAJk Iturberen hautagaitza—.
EAEko aurrekontuez ere mintzatu da Erkoreka. Gaur zortzi aurkeztuko ditu Jaurlaritzak. Bozeramaileak nabarmendu du aurrekontu "sozialak" aurkeztuko dituela gobernuak, eta erantsi du horiek aurrera ateratzeko akordio bat lortzea "posible" izan beharko litzatekeela.