Langileak, 65 urte arte lanean

Gizartearen zahartzeak lan merkatuan duen eta izango duen eragina aztertu dute Donostian

jakes goikoetxea
2007ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
1985ean, 65 urtetik gorako pertsona bakoitzeko lan egiteko adina zeukaten 7,1 zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan;2001ean 4,1; eta iazko urtearen amaieran 3,7. Zahartzeak eragina du lan merkatuan. Funtsean, lan egiteko adina duten gero eta pertsona gutxiago daude, eta langileek gero eta azkarrago hartzen dute erretiroa. Javier Ramos EAEko Lan Merkatuaren Behatokiko zuzendariak egoera horri aurre egiteko Europako Enplegu Taldearen gomendioak eman zituen atzo Donostian: besteak beste, pizgarriak eskaintzea langileek erretiroa beranduago eta pixkana-pixkana hartzeko; erretiroa aurreratzeko erregimenei pizgarriak kentzea, «ez erretiratzeko adina luzatzeko, baizik eta erretiroa legezko 65 urteekin hartzeko»; enpresak zahartzearen inguruan «sentiberatasun handiagoa» agertzeko; antzinatasunak soldata osagarri gisa duen garrantzia berriz ere aztertzea eta hitzarmen kolektiboetan langabe edadetuak kontratatzeko pizgarriak jasotzea.

Lanbide Heziketako Nazioarteko V. Biltzarra hasi zen atzo Donostian, Lanbide Heziketa: malgutasuna eta aldaketara egokitzea lelopean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako demografiaren eta lan merkatuaren arteko harremanak aztertu zituen Javier Ramosek. Erreakzioa eskatu zuen. Populazioaren zahartzearen aurrean erreakzionatzeko eskatu zion gizarteari, aldaketara egokitzeko: «Biztanleriaren zahartzea kezkatzekoa da, eta, hala ere, ez dirudi politika eta gizarte alorretako agendetan merezi duen tokia hartu duenik. Zahartzea zer den eta bereziki zer ondorio ekarriko dituen atzematea ez da erraza, eta, agian, hori da arazoa ez nabarmentzearen arrazoia».

Erreakzionatzeko, erretiroa atzeratzea sustatzeaz gain, Javier Ramosek Administrazioaren eta «erreferentziazko» gizarte eragileen arteko elkarrizketa eta ituna ere eskatu zuen. Baita administrazioen arteko koordinazioa eta «zahartze aktiboari» eta «adina kudeatzeari» buruzko legeak ere. «Pedagogia asko egiteko dago oraindik».



TENTSIOAK. «Argi dago», jarraitu zuen, «biztanleria aktiboaren zahartzeak tentsio ugari sortuko dituela, erretiroa hartzen duten pertsonak ordezkatzea zaila izango delako, eta pertsona horien kopurua nabarmen igotzeko joera nabari delako».

Euskal Herrian 65 urtekoa da sektore pribatuko langileak erretiratzeko adina. Hala ere, oso gutxi erretiratzen dira 65 urterekin edo gehiagorekin. Iazko urte amaieran Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 65 urteko edo 65 urtetik gorako 4.000 pertsona ari ziren lanean, langile guztien %0,4, eta adin horretako herritarren %1. Epe berean, 55 eta 64 urte arteko herritarren erdiak baino gutxiago (%43) ari ziren lanean, Eustaten datuen arabera.

Ramosen iritziz, hiru faktoreren arteko nahasketak eragin du langileen erretiro goiztiarra: alde batetik, langile edadetuen lehiakortasun galera langile gazteekin alderatuta, enplegu krisietan batez ere; bestetik, erretiro politika dagoen enplegua banatzeko baliatu izana, langile gazteek edadetuak «modu kontrolatuan» ordezkatzea; eta, azkenik, gizarteak «normaltzat, ia eskubidetzat» hartzea lan merkatua legezko adina bete aurretik uztea.

Dinamika «itxuraz eroso hori» apurtu egin behar da, Ramosen iritziz, «langile edadetuek lan merkatuan jarrai dezaten lortzeko, bertan jarraitzea mugatzen duten eragozpenak mugatzeko: lan baldintzak, prestakuntza eta zaintza fisiko-psikikoa».

Langile edadetuak gazteekin ordezkatzeak «ezinbestean» porrot egingo duela uste du, «ez baitira egongo ordezkatze beharrak betetzeko adina gazte». Ordezkatze neurrien aurrean, mantentze neurriak proposatu zituen: «Balio duten langileek lan bizitzako ziklo luzeagoetan aritzea dakarte. Ordezkatze neurriak baino ibilbide luzeagoa dute». Nolanahi ere, neurri batzuk edo besteak aplikatu aurretik gizarteari informazio egokia emateko eskatu zuen Ramosek.



ERRETIRO PENTSIOAK. Erretiro pentsioen sistemaren finantzaketaren etorkizunak azaleratu du, neurri handi batean, gizartearen zahartzeari buruzko kezka. Ramosek ez du uste pentsioen sistema kolokan dagoenik, eta, egonez gero, aldaketak egiteko aukera badagoela azaldu du.

[email protected]





############



Emakumeakarlo industrialetaraerakarri nahian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanbide heziketa ikasten duten 28.000 ikasleetatik erdiak emakumeak dira. Baina beste adar batzuetan baino emakume gutxiago daude lanbide heziketako ikasketa industrialetan. Eta ikasketa industrialak dira, hain zuzen, enpresek-industriakoak eta industriako zerbitzuetakoak- eskatzen dituzten langileak eskaintzeko arazogehien dutenak. Horregatik, emakumeak ikasketa industrialetara erakartzeko apustua egin zuen atzo Iñaki Mujika Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak. Horregatik, ikaslegaiei eta beren familiei eskatu zien ahazteko lanbide heziketari eta lanbide heziketako adar industrialari buruz dituzten aurreiritziak. «Gaur egun dagoen teknologiarekin ez luke sexuen arteko alde horrek egon behar ikasketak aukeratzeko orduan», esan zuen Mujikak. «Emakumeek ere ikasi eta lan egin dezakete arlo industrialean».

Eusko Jaurlaritza Lanbide Heziketako 2004-2007ko Planaren ebaluazioa egiten eta hurrengo plana prestatzen ari da. «Orain arte eremu teknologikoa landu dugubatez ere, baina aurrerantzean pertsonak landu behar ditugu batez ere», aurreratu zuen Lanbide Heziketako sailburuordeak.





############



«Erretiroa aurreratzeko pizgarriak kendu behar dira, ez erretiro adina luzatzeko, 65 urterekin hartzeko baizik»

«Arazoa kezkatzekoa da, baina ez du merezi duen tokia gizarte eta politika alorretako agendetan»

JAVIER RAMOS
EAE-KO LAN MERKATUAREN BEHATOKIA



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.