Greba orokorra

Langileen aurkako jazarpena baztertzeko eskatu diote Nafarroako gobernuari

Greba orokorrean desordena publikoak egin izana egotzita atzo Iruñerrian egindako bost atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Iruñean. LABek eta Amaiurrek greba "kriminalizatzeko" saiakera salatu dute.

2012ko maiatzaren 4a
20:16
Entzun

Martxoaren 29ko greba orokorrean izandako istiluetan parte hartzea leporatuta atzo Iruñerrian egindako bost atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, LAB sindikatuak deituta, Espainiako gobernuak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean. 

Amaiurreko diputatu Sabino Cuadrak ere protestaldian parte hartu du eta koalizioaren izenean "erabat gaitzetsi" ditu atxiloketa horiek. Halaber, dei egin die UPN eta PPri "langileen aurkako jazarpena albo batera" utz dezaten. Horregatik, "murrizketen aurka eta burujabetza politiko, ekonomiko eta sozialaren alde" mobilizatzen jarraitzera dei egin die Amaiurreko diputatuak herritarrei.

Ildo berean, LABeko ordezkari Igor Arroyok "poliziaren eta hauei aginduak ematen dizkietenen jarrera" gogor kritikatu du, eta erantzuna ematea beharrezkotzat jo du .

Atzo atxilo hartutakoen artean LABeko ordezkari Saul Arangibel dago. Ander Baiano (Barañain), Fermin Martinez (Antsoain), Ivan Garcia (Alde Zaharra) eta adingabeko bat izan ziren gainerako atxilotuak. Epailearen aurrean deklaratu ondoren aske geratu ziren denak.

Greba orokorraren ildora laugarren polizia operazioa izan zen atzokoa, eta dagoeneko 35 dira egun horri lotuta Nafarroan atxilotutako lagunak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.