Administrazio publikoan ez ezik enpresa pribatuan ere euskara zabaldu behar dela uste du CCOO-Euskadik, eta, horretarako, hainbat neurri proposatu ditu. Batetik, C1 maila arteko euskara eskolak doakoak izatea proposatu du, eta, ondorioz, aurrekontu publiko bidez finantza daitezkeela. Horri lotuta, gaur egun alor publikoan lanaldia murriztuan zein lan orduetan euskara eskolak eman daitezke, eta sindikatuak uste du aukera hori alor pribatura zabaldu daitekeela.
Atzo goizean, Loli Garcia CCOO-Euskadiko idazkari nagusiak eta Alfonso Rios sindikatuaren euskara arduradunak jendaurreko agerraldi bat egin zuten, Bilbon. Txosten baten ondorio nagusiak eman dituzte: Klase arrakalarik gabeko herrialde eleaniztun baten alde, euskararen, elkarbizitzaren eta euskal gizartearen kohesioaren aldeko hizkuntza politika baterako proposamenak du izenburu azterlanak. Haren edukia Eusko Legebiltzarreko taldeei helaraziko diete. CCOOren arabera, «tartea» dago 2020ko aurrekontuetan jasotako neurrietako batzuk sartzeko.
Loli Garciaren arabera, euskal administrazio publikoan euskarazko arreta %100 bermatzeko urratsak "gero eta sendoagoak" dira egun, eta, lanpostu publiko batera jotzeko orduan, enplegua lortzeko faktore bat da euskara. Aldiz, estatuaren administrazioan euskararen erabilera "ez dago bermatua", eta, Eusko Jaurlaritzak egiten duen moduan, Espainiako Gobernu ordezkaritzari eskatu dio liberazio sistema abian jar dezala funtzionarioen artean euskararen ikasketa errazteko.
Alor pribatuan asko egiteko
CCOOren arabera, alor pribatuan hutsune handia dago, eta enpresek ez dute «behar den guztia egiten». CCOOren arabera, langabeen %90ek ez dakite euskaraz. Horregatik, lehentasunezkotzat jo du euskara herritar guztientzat «eskuragarri» izan dadila, «klase arrakalarik sor ez dadin».
Loli Garciaren arabera, elkarbizitzari begira, kontu handiz ibili beharreko gaia da «hizkuntz komunitateen arteko gatazkak eragin ditzakeelako», eta «gizartea hautsi». BI hizkuntzen ezagutza bermatzeko orduan, euskararen arloan «gehiago» landu behar dela deritzo, «gaztelaniaren aldean berdintasun handiagoa lor dezan». «Hizkuntzaren elkarbizitza arriskuan jar daiteke euskara dakitenek erabiltzen ez badute, baina arriskua handiagoa da ezagutzen ez dutenak ikastera animatzen ez badira», azaldu du.
Alor publikoan, dena den, uste du euskararen profilak zehazteko sistema berrikusi beharko litzatekeela, «zurrunegia» delako. CCOOren arabera, enplegu publikoa lortzeko azterketa gainditzea da ardatz nagusia, baina, CCOOren arabera, gramatikari komunikazioari berari baino garrantzi handiagoa ematen zaio, eta horrek «arazoak eragin ditu». Adibide gisa jarri dute lanposturen batean gerta litekeela ahozko euskara garrantzitsuagoa izatea idatzizkoa baino. Enplegu publikorako sarbidea «zeharkatu beharreko zubia» izan behar dela deritzo, eta ez «gainditu ezin den horma».
Azkenik, sindikatuak uste du euskaltegien sare publikoa «faktore garrantzitsua» dela euskararen ikasketa doakoa eta unibertsala bermatzeko, baina salatu du zerbitzu hori «gehienbat sare pribatuaren eskuetan» geratu dela. CCOOren arabera, sare publikoko eta pribatuko irakasleen soldaten artean «alde handia» dago, eta adierazi du sektoreko lan hitzarmena egin behar litzatekeela.