BERRIA eta Gara egunkariek atzo argitaratutako elkarrizketa batean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak iragarri du destino aldaketak eskatuko dituztela banan-banan, Espainiako kartzeletan dauden euskal presoak Zaballakoan batzeko.
Onda Vascan hitz egin du espetxe politikaz Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Langraiz bidearen alde egin du, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio bide hori "aktiba" dezala. Bestalde, uste du armak emateko "keinu" bat egin behar duela ETAk.
EPPKren mintzaideek azaldutako jarrerak "bat egiten du goitik behera euskal gizartearen gehiengo sozial eta politikoaren posizioekin", Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen esanetan. Gainera, Barrenak funtsezkotzat jo du posizio hori sakabanaketa amaitzeko.
"Espetxe politika [Espainiako] Gobernuak erabakitzen du", ohartarazi dio, berriz, PPk EPPKri. Borja Semper PPko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ez dio berrikuntzarik ikusten presoen kolektiboak iragarritakoari, eta esan du presoak "ilargian" daudela uste badute haiek erabakiko dutela espetxealdia non beteko duten.
PSE-EEk, berriz, ETAri eskatu dio utz diezaiola "atalkako iragarpenak" egiteari, eta "egingo dutena esaten dutena gauzatzea" galdegin dio.