“Euskal Herrian bakea eraikiko da eragin onen baturatutik, eta Langraiz bidea izango da batura horren parteetako bat”. Langraiz bidea deituriko gizarteratze programan parte hartu duten “30 bat preso eta preso ohiei” buruzko liburu baten (Langraiz bisean bis, Erein) aurkezpenean esan ditu hitzok Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkariak, gaur, Donostiako San Telmo museoan. Preso horiek “kontaketa” horretan “dagokien” lekua izan dezaten sustatu du liburua Eusko Jaurlaritzak, 2014an abiatutako Hitzeman programaren barruan, Fernadezek azaldu duenez.
2011tik, PP Espainiako Gobernura iritsi zenetik, etenda dago Langraiz bidea, baina Bake eta Bizikidetza idazkariak azpimarratu duenez, “ineteres eta garrantzia handia” izaten jarraitzen du, eta Eusko Jaurlaritzak babesten jarraituko du, Espainiako gobernuan alderdi bat egon edo beste bat edo beste batzuk egon. Fernandezek, liburuaren hitzaurrean dio bide hori hautatu ez duten presoek —EPPKren barruan daudenak, orohar— “pauso argiak” eman behar dituztela oraindik legea onartzeko bidean; autokritikaren “prozesu politiko eta etikoa” egin behar dutela, eta haien ingurune politikoak “oztopo kolektiboak" desegin behar dituela. Hori eginda, gizartearen zein instituzioen laguntza izango dutela ziur da Fernandez.
Aljerretik Loiolara
Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzaren “enkarguz” egin du lana Deia egunkariko Humberto Unzueta kazetariak, eta harekin batera aurkezpen ekitaldian izan da Carmen Gisasola programa horretan parte hartu duen ETAko kide ohia eta Langraiz bideko aurpegi ezagunetakoa. Preso eta preso ohi horiek eginiko ibilbidea jasotzen du liburuak, kronika, elkarrizketa eta agirien bidez. Unzuetak nabamendu du Langraiz bideko presoei buruzkoa izanda ere, eta beraz, 2008tik aurrerako gertakariak azaltzen baditu ere, liburuan azaltzen diren “protagonisten” bilakaera ulertzeko “atzerago” egin behar dela; ETA eta Espainiako Gobernuak 1989an Aljerren izandako elkarrizketen porrotaren osteko garaira, eta urte batzuk geroago ere, Lizarra-Garaziko prozesuaren (1998) hausturara. “Memoria idazteko klabe eta aportazio inportanteak egin dituzte [preso hauek]; garrantzitsuak azken hamarkadetako historian”.
Gisasola: “Otegi ez da Mandela”
Carmen Gisasola bat dator ikuspuntu horrekin eta bere “eboluzioaren” nondik norakoak azaldu ditu, labur. Aljer eta Lizarra-Garazi aipatu ditu berak ere, baina, bereziki, Loiolako prozesuaren haustura (2008). “Hori mugarria izan zen guretzat”. Horren ostean, PSOEren gobernuak presoei eskainitako bidea hautatu izana ez zela erraza izan aitortu du. Azaldu du ETAtik eta EPPKtik kanporatuta, babesik gabe sentitu zela, baina azpimarratu du bere militantziaren “jarraipena” izango balitz bezala ulertu zuela eginiko urratsa, “askatasun pertsonala berreskuratzeko” prozesu gisa.
Adierazi du bera ez dela ezeren “banguardia” sentitzen eta bere eta Langraizko beste kideen jarrerak ez duela “ezertan kaltetu” EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, baina bai uste du “bide bat ireki” dutela, bera eta berak bezala ETAren edota ezker abertzalearen “diziplinarekin” hautsi eta legeak ezarritako baldintzak betez, espetxe onurak eskuratzeko —Gisasolak 24 urte egin ditu preso, 2014ko azaroan irten zen aske, baina baimenekin irteten zen kalera espetxealdiaren amaieran, Langraiz bidea hautatu duten preso guztiak bezala—. “Gu ez gara lehenak izan legalitatera atxikitzen”, gogoratu du Gisasolak.
Dena den, preso ohiak azaldu du berak egindako prozesuak ez duela soilik helburu izan askatasuna berreskuratzea, bizikidetzarako ekarpena ere izan nahi duela, eragindako minaren aitortzaren bidez, besteak beste. “Guretzat hausnarketa prozesu bat izan da, ez gara mugatu espetxe onurak jasotzera eta etxera joatera”. Berea prozesu “politiko eta etiko” bat izan dela eta izaten jarraitzen duela azpimarratu du. “Nire zalantzak politikoak izan ziren lehenik, etikoak gero”.
Kazetarien galderei erantzunez, gaurkotasunari ere heldu dio Gisasolak. EPPK-ko presoek legeak ezarritako baldintzak onartuko dituztela iragarri izanari buruz, espzeptiko agertu da. “Itxura denez hori egingo dute, baina presoak beraiek, banaka, eman behar dituzte pausoak, gobernu bat izan edo beste bat izan”. Segurako auzian epaituek fiskaltzarekin eta herri akusazioekin eginiko akordioei buruz, berriz, esan du soilik “haientzat” balio duela akordioak, “ez beste presoentzat”. Galdetu diote, halaber, Arnaldo Otegi Nelson Mandelarekin konparatzerik badagoen, eta berak ezetz erantzun du. “Ez dute zer ikusirik. Mandelak urratsak egin zituen bere kideen babesa izan gabe ere. Otegik hainbat gauza aurrez egin zitzakeen, baina ez zituen egin”.