Zaballako espetxe berria inauguratu dute gaur, baina horrek ez du suposatuko Langraizkoa itxiko dutenik. Araban erregimen irekian dauden presoak hartzeko zentrorik ez dagoen bitartean espetxe zaharraren zati bat behar horietara bideratzeko asmoa aurreratu du Mercedes Gallizo Espaniako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak. "Arabako gizarteratze zentroa, behin-behinean, eraikin zaharrean kokatzea da gure asmoa; ez dago beste aukerarik".
Zaballako espetxe berriaren inaugurazioan egin ditu adierazpen horiek Gallizok, gaur. Kartzela egiteko behin betiko aurrekontua 116 milioi eurokoa izan da. Hamabi modulutan banatutako 720 ziega ditu, erregimen itxian daudenentzat beste 32 daude, 64 erizaindegian eta 56, berriz, presoen mugimenduetarako gordeta —sartu berriak, mugituko dituztenak...—.
Kartzela prest dagoen arren —1.440 presorentzako tokia du—, urte bukaerara arte ez du presorik hartuko. Datozen astetan segurtasun sistemen funtzionamendua aztertuko dute, eta bertan lan egingo duten funtzionarioen azken prestaketa ere egingo dute.
Gallizok adierazi du ez dutela, Langraitzen daudenez gain, euskal preso gehiagorik hartzeko aurreikuspenik.
EAJk eskatu du Eusko Legebiltzarrak kartzela berrira bisita instituzional bat antola dezala.