Espetxeak

Langraizko espetxeko Segurtasun zuzendariordeak dimisioa eman du

Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusiak jakinarazi duenez, Langraizko (Araba) kartzelako Segurtasun zuzendariordeak dimisioa eman du. Abenduaz geroztik bost preso hil dira Langraizen bere buruaz beste eginda (azkenekoa joan den astean), eta, halaber, funtzionarioek sexu gehiegikeriak egiten dizkietela salatu dute bi emakume presok. Hori guztia zuzentzeko, larrialdiko plana jarriko dutela abian iragarri du: hala nola, 50 preso beste espetxe batzuetara eramango dituzte, eta "higienea eta garbiketa" hobetuko dituzte.

2005eko uztailaren 15a
16:00
Entzun
Espainiako Espetxe Ikuskaritzarako Zuzendariordetzak eta Behaketarako Zentralak Langraizko egoerari buruzko azterketa egin dute. Gallizok atzo arratsean jaso zuen txostena, eta hartan oinarrituta Langraizko egoera kaskarra dela onartu du. Ildo horretatik, espetxeko bizimodua hobetzeko larrialdiko plana jarriko dutela abian iragarri du, eta hasi direla dagoeneko zenbait neurri hartzen.

Besteak beste, espetxeko Segurtasun zuzendariordeak gaur goizean dimisioa eman duela eta berak kargu-uztea onartu duela jakinarazi du. Nolanahi ere, pertsona hori nor den ez du argitu nahi izan Gallizok. Horrez gain, jende pilaketa arintzeko 50 preso beste kartzela batzuetara eraman dituztela azaldu du, eta "higienea eta garbiketa" hobetzeko neurriak hartu dituztela. "Ez dago behar bezalako segurtasun eta kontrol girorik, eta baldintza asko hobe daitezke. Oinarrizko gauzak hobetzen hasi gara: higienea eta garbiketa areagotzen, eta dutxak, komunak eta beste areto batzuk konpontzen", agertu du.

Era berean, Espainiako Espetxe Erakundeek suizidioei aurrea hartzeko protokolo berri bat jarri dutela martxan iragarri du, eta horren bidez saiatuko direla Langraizko norbere buru hiltze bolada gerarazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.