"Lankidetza ez da inposizioa"

Urkulluk "ulergaiztzat" jo du Ertzaintza eta Osakidetza Espainiako Gobernuaren esku geratzea, eta azpimarratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan "lidergoa" eramaten jarraituko duela.

Murga Osasun sailburua eta Urkullu lehendakaria. RAUL BOGAJO / FOKU
2020ko martxoaren 15a
15:50
Entzun

Espainiako presidente Pedro Sanchezek alarma egoera ezartzeko Ministro Kontseiluak onartutako neurrien berri eman die gaur goizean autonomia erkidegoetako presidenteei. Bideokonferentziaz egin duten bilerak lau ordu iraun du, eta amaitu bezain laster atera da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu prentsaurrekora. Lehendakariak azaldu du lankidetzarako prestasuna adierazi diola Espainiako Gobernuari, baina, era berean, "ulergaiztzat" jo du Osakidetza eta Ertzaintza Madrilen esku geratzea: "Lankidetza ez da "inposizioa". Urkullu kritiko agertu da neurri horrekin, baina esan du dekretua beteko duela.

Eskumenak Madrilen esku geratzen diren arren, Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritza izango dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan "lidergoa" eramango duena. Adierazi du bere betebeharra dela hartutako neurriak betearaztea, eta gaineratu du jada hartu diren neurriei ere "proposamen gehiago" egingo dizkietela.

Lehendakariak azaldu du Espainiako Gobernuari hainbat eskakizun egin dizkiola jada, besteak beste, autonomoentzako eta saltokientzako laguntzak lehenestea, eta Europako Batasunari neurri sorta bat eskatzea, "atzeraldia ekiditeko".

Herritarrentzako mezua ere bidali du lehendakariak. Gogoratu du mugikortasuna "mugatua" dagoela, eta herritarrek hori betetzeko hartutako "konpromisoa" eskertu du: "Ekimen bakoitzak bizitza bat salba dezake". Lan munduari dagokionez, enpresa bakoitzaren esku utzi du ezarritako gomendioak eta baldintzak betetzeko beharrezko neurriak hartzea: "Enpresa bakoitzak jakingo du nola egokitu".

Nekane Murga Osasun sailburuak ere hartu du hitza. Adierazi du 109 koronabirus kasu berri atzeman dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hildakoak 22 dira denera lurralde horietan. Murgak esan du guztiek beste patologia batzuk zituztela aurretik, eta, horregatik, kolektibo zurgarrienak babesteko beharra azpimarratu du.

Kutsatu kopurua orain arte baino gutxiago hazi da gaur Araban, baina, Murgaren ustez, "oraindik goiz da" egoera hobera doala esateko. Halere, azpimarratu du Arabarako neurri zehatzak hartzen ari direla. Osasun sailburuaren arabera, milioi biztanleko 1.200 proba egin dituzte Gasteizen, eta "Europan, berriz, biztanleko 300 egiten ari dira". Murgaren esanetan, kasuak azkarrago atzematea erraztu du horrek.

Frantziako Gobernuak esanikoak ere izan ditu hizpide. Parisek ibuprofeno sendagaia ez erabiltzeko eskatu du, koronabirusak eragindako kalteak areagotu ditzakeelakoan. Murgak azaldu du hori baieztatzeko edo ezeztatzeko  datuak aztertzen ari direla, baina, bien bitartean, jasotako informazioaren berri eman diete farmaziei.

Bozak ezbaian

Espainiako presidenteak apirilaren 5eko Galiziako Parlamenturako eta Eusko Jaurlaritzarako bozak atzeratzearen alde egin zuen atzo. Lehendakariak, ordea, ez du halakorik egin. Urkulluk azaldu du bihar bilduko dela alderdiekin, hauteskundeei begirako erabaki bat hartzeko, "ahalik eta adostasun handienarekin".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.