Joan den astean onartu zuten bi gobernuek protokoloa, eta gaur izenpetu dute Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoak. Hitzarmen berriak eguneratu eta zabaldu egingo du 2009ko uztailean Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek sinatu zutena. Aurrekoak hiru helburu nagusi ezarri bazituen —EITBren emisioa, euskararen sustapena eta AHTaren lanak—, berrituak elkarlanerako hemezortzi esparru berezitu ditu; gizarte politika, ekonomia, hizkuntza, kultura, administrazio, azpiegitura eta teknologiari lotuta.
Uxue Barkos Nafarroako presidenteak azpimarratu duenez, "harremanak normalizatzea" da hitzarmenaren helburua; azken hogei urteetan ez baitira "behar bezain sakonak" izan, eta egoera "gizartearen kalterako" izan dela deritzo. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, azpimarratu du bi lurraldeen arteko lotura "sakona eta zabala" izan dela "historian zehar", eta harreman hori "areagotzeko" borondatea agertu du.
Akordioaren onurak aipatu zituzten bi gobernuek, joan den astean, akordioaren berri eman zutenean. "Bi autonomia erkidegoen interes komunak gogobetetzen lagunduko du, arrazionaltasunari, sinpletasunari, gardentasunari eta baliabideen ekonomiari dagokienez", azaldu zuen ohar bidez Nafarroako Gobernuak.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekaren hitzetan, berriz, akordioarekin "kolaboraziorako jokalekua" zabaltzen da. Hitzarmenak bi gobernuen arteko "jardun bateraturako konpromisoa" erakusten duela deritzo Erkoreka bozeramaileak, eta horrek balio behar duela herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea hobetzeko.
Arloz arlo berariazko hitzarmenak osatu eta adostuko dituzte bi gobernuek, eta akordio horietan zehaztuko dira indarrean jarriko dituzten neurriak, garapenerako finantzaketari buruzko xehetasunak eta alde bakoitzak bere gain hartuko dituen ardurak.
EITB Nafarroan jasotzeko lankidetza
Nafarroako gobernua eta Eusko Jaurlaritza lanean ari dira EITBren seinalea Nafarroan jasotzea posible izan dadin. Uxue Barkosek argitu duenez, lantalde teknikoak ari dira horretan, eta, besteak beste, gobernu bakoitzak izango dituen "ardurak" zehaztu behar dituzte, finantzaketa tarteko. "Herritarren parte garrantzitsu batek" EITB jaso nahi duela "argi geratu da" azken egunotan, Barkosen iritziz.
Iñigo Urkulluren esanetan, zentzugabea da Nafarroan EITBren seinalea eten izana. "Ulertezina da sistema analogikoaren bidez ikus zitekeena orain sistema digitalarekin ezin ikusi ahal izatea". Lehendakariak iragarri du "berme juridiko handiena" bilatuko dutela "nafarrek EITB ikusi ahal izan dezaten, munduko beste edozein telebista bezala".
Harreman hotza urte luzez
Bi gobernuen arteko distantzia handia izan da azken 40 urteetan. Duela 26 urte Nafarroako eta EAEko bi gobernuburuek lehen bilera egin zutenetik, harreman gutxi izan da ordezkarien artean, eta gutxi hori gatazkatsua izan da zenbaitetan. Hego Euskal Herriko autonomia erkidegoetako lehen hauteskundeak egin zirenetik, hamar urte pasatu behar izan zuten EAEko eta Nafarroako gobernuburuek lehen bilera ofiziala egin arte. 1989ko uztailean izan zen, Jose Antonio Ardanza (EAJ) eta Gabriel Urralbururen (PSN) artekoa.
1990eko hamarraldian, Juan Cruz Alliren gobernuak harremanak normaldu zituen Jaurlaritzarekin, Allik UPN utzi eta CDN sortu behar izateraino. Ordukoa da Organo Komuna sortzeko egitasmoa, baina akordio hura ez zen inoiz indarrean jarri. Berriro UPN eta EAJ gobernuetan, zaildu egin ziren harremanak, eta ETB Nafarroan ikusteko eragozpenak dira horren adierazle nagusietakoa. Hain justu, duela bi aste agindu zion Espainiako Gobernuak Euskal Irrati Telebistari "berehala" eteteko Nafarroako emisioa, UPNren gobernu garaian aurkeztutako helegite bati jarraituz.
Iazko foru hauteskundeen ondotik sortutako gobernuak bestelako giroa ahalbidetu du. Horren erakusle, Nafarroa irailean sartuko dela EAEk eta Akitaniak osatzen duten euroeskualdean. 1992an, Nafarroak —Juan Cruz Alli zen presidentea orduan eta UPNn zegoen— lankidetzarako protokolo bat sinatu zuen Akitaniako Kontseiluarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta indarrean egon zen 2000ra arte. Urte hartan Miguel Sanzen gobernuak (UPN) harremanak eten zituen, eta alde biko hitzarmenak lehenetsi; bederatzi urte behar izan zituen, halere, horretarako. 2009an Jaurlaritzarekin egin zuen ituna, eta 2015ean, Akitaniarekin.