Euskara

"Lankidetzarako formulak" eskatu dizkiote euskara teknikariek Nafarroako Gobernuari

Agerraldia egin dute Nafarroako Parlamentuan, eta zalantzan jarri dute 2012az geroztik indarrean dagoen diru laguntzak banatzeko sistema.

edurne elizondo
2013ko otsailaren 6a
12:51
Entzun

Lankidetza eta normalizazioa. Bi hitz horiek funtsezkotzat jo dituzte Nafarroako euskara teknikariek euskararen aldeko lanean. Horregatik, normalizazioa lortzeko bidean urratsak egin ahal izateko, "lankidetzarako formulak" eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Nafarroako Parlamentuan egin dute agerraldia Sakanako eta Bortzirietako euskara teknikari Castillo Suarezek eta Patri Arburuak, 2012tik indarrean dagoen diru laguntzak banatzeko sistemari buruz iritzia azaltzeko. Izan ere, euskara zerbitzua duten toki erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmena iaz gelditu zen bertan behera, gobernuak hala erabakita. 1998tik zegoen indarrean. 2001ean, 726.000 euro banatu zituen gobernuak euskara zerbitzuen artean; 2011n, berriz, 153.000. "Lankidetza ekonomikorako eta teknikorako hitzarmena bazen ere, arlo teknikoa ez zen inoiz garatu. Alderdi ekonomikoan ere, kopuruak behera egin zuen azken hamarkadan", azaldu du Suarezek.

Hitzarmenak ez zituen behar guztiak kontuan hartzen, euskara teknikarien hitzetan, baina aukera eman die udalei eta mankomunitateei euskara teknikariak kontratatzeko, eta toki erakundeetako langileak euskalduntzeko, erantsi dutenez. Teknikariek hasieratik sarea osatu zutela gaineratu dute, eta elkarrekin antolatu dituztela haien kanpainak eta prestatu dituztela haien materialak. 2012an lan egiteko modu hori anitz zailtzen duen sistema ezarri zuen gobernuak, teknikariek azaldu dutenez. Hitzarmena bertan behera utzi, eta diru laguntzak banatzeko lehiaketa egitea erabaki zuen. Lehiaketa horretan parte hartzeko aukera dute udal guztiek, eta lankidetza saritu ordez, lehaiketa bultzatzen du, euskara teknikariek salatu dutenez. "Euskara zerbitzua edo euskara teknikaria ez duten udalek ere badute laguntza jasotzeko eskubidea, ez dugu hori ukatzen, baina uste dugu euskara teknikaria duten toki erakundeek lerro berezitua izan beharko luketela", erran du Arburuak.

"Gardentasunaren" izenean hartu zuen gobernuak sistema aldatzeko erabakia. Arburuak nabarmendu du oraingo lehiaketa "nahasia eta korapilatsua" izan dela. 109.000 euroko aurrekontua izan du, eta oraingoz, 65.000 euro baino ez ditu banatu gobernuak. "Lehen ebazpen bat argitaratu dute, baina bigarren bat eginen dute". Diru laguntzan parte hartzeko epeak eta tramiteak ere nahasiak izan direla kritikatu dute euskara teknikariek. Hori dela eta, eta lankidetzaren eta normalizazioaren bidetik lanean jarraitu ahal izateko, elkarlanerako formulak eskatu dizkiote gobernuari. Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak babestu dute eskaera hori; PSNk erran du ikusi beharko dela oraingo diru laguntzen sistemak herritarrei on egiten ote dien; UPNk eta PPNk, berriz, oraingo diru laguntzen sistemaren alde egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.